Errenteriako Ozzinema Zineklubak iragarri gabeko film bat pantailaratuko du, gaur, 19:30ean, Niessen Zinemak aretoan. Pelikula jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin emango dute.

Ozzinema-zinea

Aurreko urteetan Amélie (Jean-Pierre Jeunet, 2001) eta Little Miss Sunshine (Jonathan Dayton eta Valerie Faris, 2006) filmak proposatu ostean, aurten ere, zinema saio sorpresarekin abiatuko du Ozzinema Zineklubak ikasturte berria: “Zinemarako gogoz gatoz, harritzeko eta gozatzeko asmoz”.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “ikusleak itsumustuan zinemara etortzera ausartzea nahi dugu, zer proiektatuko den jakin gabe”. Bada, “esperientzia paregabea” bermatzeko asmoz, aretoko argiak itzali eta proiektorea piztu arte ikus-entzuleek ez dute filma zein den jakingo. Sare sozialetan, baina, zenbait mezu lagungarri idatzi dituzte, zineklubaren jarraitzaileen  burmuinak martxan jarriz.

Adibidez, emango duten filmaren jatorrizko izenburuak eta gaztelaniarako itzulpenak zerikusirik ez dutela aurreratu dute, eta obra zein izango den jakiterik ez badago ere, saioa bera gaztelaniazko azpitituluekin izango dela dakar aditzera, ohi bezala.

Errenteriako Niessen Zinemak aretoan egingo dute emanaldia, 19:30etik aurrera. Sarrerak eskuragarri daude http://sarrerak.errenteria.eus  gunean.