Ikastaroak 75 orduko iraupena izango du, eta kultura zentroko eragileen lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiko zaie izena ematen dutenei. Gainera, hiru hautazko kredituren baliokidea izango da.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek zinema saioak programatzen ikasteko aukera izango dute EHU Kulturak eskainitako tailer berezi baten bidez. 2023ko azarotik 2024ko ekainera bitartean gauzatuko da ikastaroa, eta 75 orduko iraupena izango du. Behin betiko egitaraua urriaren 5ean emango dute jakitera, 18:00etan Carlos Santamaria Zentroan egingo duten aurkezpenean.
Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zinema aretoan urte osoan zehar egiten diren zinema emanaldien programazio prozesuan parte hartuko dute izena ematen duten ikasleek, Donostia Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin, Donostia Kulturarekin, Elias Querejeta Zine Eskolarekin eta Tabakalerarekin berarekin batera.
Partaideek prestakuntza saioak jasoko dituzte, aipatutako erakunde bakoitza gertutik ere ezagutzeko. Egitasmoaren helburua publiko gaztea zine aretora erakartzea izanik, 2024ko urtarriletik aurrera, programazio taldeak prestatutako hitzordu bana atonduko dute hilabetero.
Deialdia zabalik
Izen-emate epea zabalik da dagoeneko, urriaren 11ra bitartean, eta horretarako, interesatuek beren datuak bidali beharko dituzte gi-kultura@ehu.eus helbide elektronikora: izen-abizenak, NAN zenbakia, Gradua eta ikastaroa, ikaslearen posta, harremanetarako telefonoa, prestakuntza egiteko motibazio pertsonaleko idazkia (250 hitz) edo gehienez 2 minutuko iraupena duen bideo bat.
Hiru hautazko kredituren baliokidea izango da ikastaroa, hala ere, antolatzaileek zehaztu dutenez, zinema programazio taldean sartzeko lekurik ez duten ikasleek 6 saioetara bertaratzeko aukera izango dute, “ECTS kreditu erdia lortzeko” aukera izanik.
Informazio osagarria, HEMEN.