Urtebeteko etenaldiaren ondotik, buelta da Donostiako Bidebieta auzoko Zinebide zinema-zikloa. Hilaren 22an eta 23an egingo dituzte emanaldiak eta, guztira, lau film proiektatuko dituzte.

Bidebieta-La Pazeko Auzokide auzo elkartearen, Thamessis konpartsaren eta Eltzegor Euskal Kultur Elkartzearen lankidetzaz jaio zen ZINEBIDE 2021an, eta Donostiako Udaleko auzoetako zinegotzigoaren, SGAEren, Filmazpiten, Zineuskadi Elkartearen, Donostia Kulturaren, A Contracorriente Films banatzailearen eta Vertice 360 taldearen babesa eskuratu zuen berehala. Sare sozialen bidez eman zuten egitasmoaren berri,  eta auzoko eragileen bultzada eta babes ekonomiko zabalari esker bilakatu zen errealitate.

Iazkoak behar zuen bigarren edizioa, beraz, baina aurrekontu falta zein bestelako arazo teknikoak medio, bertan behera uztea erabaki zuten. Bada, 2023an berriz antolatzeko asmoa iragarri zuen taldeak, eta Bideak auzo elkarteak hartu ditu bere gain kudeaketa lanak. Oraingoan ere auzokide ugariren babesa izan du proiektuak, bai eta hamaika establezimendua ere, eta Donostiako Udala zein Donostia Kultura ere izan ditu laguntzaile.

Irailaren 22an eta 23an egingo dituzte hitzorduak, Bideberri institutuan, eta lau film proiektatuko dituzte: ostiralean, A todo tren. Destino Asturias (Santiago Segura, 2021) eta Normandie nue (Philippe Le Guay, 2018), 19:00etan eta 22:00etan hurrenez hurren; eta, larunbatean, Elkano, lehen mundu bira (Angel Alonso, 2019) eta Arbitrage (Nicholas Jarecki, 2012), 19:00etan eta 22:00etan.

Guztien artean, Angel Alonsok zuzenduriko Elkano, lehen mundu bira (Angel Alonso, 2019) izango da euskaraz emango duten bakarra. Era berean, iragarri dute emanaldi guztietan krispetak banatuko dituztela, doan, eta, horien amaieran, DVD formatuko zozkatuko dituztela.