Nola irakurri irudi bat? Zer da ikuspegi feminista? Irudi bat feminista izan daiteke? Eta matxista? Galdera hauek eta gehiago izango dira mintzagai Zinemakumeak gara! mostraren abaroan antolatu duten Leélas como una chica lantegian. Urriaren 23tik 25era egingo dituzte saioak, 18:00tik 20:00etara, BBK Kuna aretoan.
Irudiek gordetzen dituzten istorioak zalantzan jarri, berrirakurri eta, finean, berreraikitzea helburu du hitzorduak eta, bide horretan, bere burua zalantzan jartzeko eta galderak egiteko gonbita luzatuko die parte-hartzaileei: “Gure asmoa da irudi bat bestearen ondoan jartzea, irudiak nola eraldatzen diren ikusteko; erakustea nola irudi zahar horiek diskurtso berrien babesaz berriak izan daitezkeen” azaldu dute.
Bada, ikus-entzunezko hainbat produkziotan barrena ibilbide bat egitea proposatzen dute horretarako, genero-ikuspegiek eta teoria feministek ikasketa zinematografikoei egiten dizkieten ekarpenak hausnartzeko, ikertzeko eta eztabaidatzeko. Hala, zinemaren eta feminismoaren arteko hainbat harreman-gune aztertzea izango da xedea, gai eta figura batzuk aktibatzeko: begirada eta edertasuna; amatasunak eta espazio-ekologia; idazketa eta intimitatea; performanceak eta mutazioak; konplizitateak eta desobedientziak; paisaiak eta afektuak.
Tania Lopez eta Deb Garcia izango dira lantegiaren gidariak, eta hiru eguneko luzapena izango du, datorren urriaren 23tik 25era. Egunka banatu dituzte edukiak:
- Saioa: Zer da genero-ikuspegia? Nola irakurtzen da irudi bat? Ez matxista, ez feminista.
- Saioa: Kanonaren aurka, Hitchcock pikutara bidal dezakegu? Eta Rohmer? Zer geratzen da ezer geratzen ez denean?
- Saioa: Zaintzen gaituzten irudiak. Sendatzen gaituzten irudiak. Afektuak. Mundua. Lurra.
Bilboko BBK Kuna aretoan egingo dituzte saioak, hamabost pertsonako edukiera maximoarekin. Izen-ematea inprimakia betez gauzatu beharko da, eta 20€ko kostua du.