Euskaraz zein gaztelaniaz errodatutako film laburrak urriaren 5a baino lehen aurkeztu behar dira. 3 minutuko iraupena izan dezakete gehienez, eta banaka zein taldean parte hartu daiteke.

Ikusezina Express 23

KCD GGKek – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimenez, urtero Film Sozialak – Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia ospatzen dute Bilbon. Gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute hitzordua: garapen iraunkorra, giza eskubideak, kultur artekotasuna eta genero ekitatea.

Bada, 2023ko jaialdiaren osagarri, UPV/EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoarekin batera, Ikusezina Express lehiaketa egingo dute ere, 11. edizioa izango dena. Irailaren 27tik urriaren 5era arte gauzatuko dute, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle orok izango du parte hartzeko aukera, banaka edo taldean. Izen-emate epea irailaren 22ra arte egongo da zabalik, eta online jarri duten fitxa betez gauzatu beharko da.

Ohi bezala, partaideek antolakuntzak zehaztutako gaia ardatz hartuta ondu beharko dituzte film laburrak. Irailaren 26an emango dute gaiaren berri, campus bakoitzeko zentro batean emango den informazio hitzaldi batean.

Gehienez, 3 minutuko iraupena duten obrak (kredituak barne) aurkeztu beharko dituzte partaideek urriaren 5eko 13:00ak baino lehen, jaialdiaren webgunean ahalbidetutako atalean. Horiek euskaraz edota gaztelaniaz errodatuta egon daitezke.

Sariak

Film labur guztiak ikusi ostean, oraindik zehaztu gabe dagoen epaimahaiak 1.500 eurorekin sarituko du lan onena. Ikus-entzuleek ere gustukoen duten obra erabaki dezakete, 750 euroko dirusaria izango duena. Urriaren 11tik (11:00etatik aurrera) 20ra (17:00etara) arte eman daiteke boza, KCD GKEaren streaming plataforman.

Deialdiari buruzko informazio osagarria, HEMEN.