Gidoilari eta antzerkigile bilbotarra gidoiak idazteari buruz ariko da hizketan, urriaren 6an. Bestalde, Euskal Pantailak sailaren baitan, Las buenas compañias (Silvia Munt, 2023) eta Suro (Mikel Gurrea, 2022) film luzeak pantailaratuko dituzte. O Corno (Jaione Camborda, 2023) ekoizpen galiziarrak, gainera, 11. ekitaldia irekitzeko ardura izango du.
Santurzine – Santurtziko Zinema Jaialdiak urriaren 5etik 21era bitartean ospatuko du 2023ko edizioa, eta hitzordua iristeko hilabete eskas falta den honetan, antolatzaileak festibalaren xehetasunak argitzen ari dira apurka-apurka. Berritasun gisa, Andolin Eguzkitza izeneko saria banatuko diote euskarazko lanik onenari, eta gainera, dagoeneko ezagun dugu nortzuk izango diren Serantes Sariaren hartzaileak: Borja Cobeaga zuzendari eta gidoilaria eta Diego San Jose gidoilaria.
Bada, aste honetan bertan jakinarazi dute Patxo Telleria gidoilari eta antzerkigile bilbotarrak “orri zuriari aurre egiteko bere trikimailuak” azalduko dituela Santurtziko Arrantzaleen Kofradiako Enkante gelan emango duen eskola magistralean. Saioa urriaren 6an izango da, 19:00etan, eta bertaratu nahi dutenek, jaialdiaren webgunean ahalbidetutako fitxan eman beharko dute izena, 5 euro ordainduz.
Emanaldi bereziak
Historikoki erakusketa izaera izan duen Euskal Pantailak atalari EiTB batu zitzaion iaz. Hala, komunikazio taldeak 1.000 euroko saria eman zion Euskal Herriko egile hasiberrien lan onenari, eta aurten ere hala izango da. Oraindik ere ez dute saila osatuko duten lanen berri eman, baina izango dituzten emanaldi bereziak zehaztu dituzte. Urriaren 15ean, Silvia Muntek Jorge Gil Munarriz legazpiarrarekin batera idatzitako Las buenas compañias (2023) eskainiko dute, XX. Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Saria eskuratu zuen filma.
Urriaren 19an, aldiz, Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Suro (2022) opera prima egongo da ikusgai, 70. Donostia Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria, FIPRESCI saria eta Euskal Gidogileen saria eskuratu zituena. Bata zein bestea Serantes Kultur Aretoan pantailaratuko dituzte.
Bestalde, hain zuzen ere, 2023ko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorraren lehian izango den O Corno (2023) ekoizpen galiziarra zinema aretoetan estreinatu aurretik ezagutzeko aukera egongo dela iragarri du Santurtzinek. Urriaren 5ean, 11. edizioa irekiko du Jaione Camborda zinema zuzendari donostiarraren bigarren film luzeak.