No me llame Ternerak −Jordi Evolek eta Màrius Sánchezek zuzendutako dokumentalak− zabalduko du Made in Spain atala, eta baita Estatu Espainiarreko beste 19 film luze espainiar nabarmenez osatutako sail horren eskaintza osatu ere bai. Evolek Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa esklusiboa biltzen du filmak.
Guztira 20 film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat biltzen duena. Irailaren 22tik 30era egingo den 71. edizio honetan, film horietako sei mundu-estreinaldi gisa emango dira, eta gainerakoak, berriz, lehenago programatu ziren nazioarteko beste jaialdi batzuetan edo jada estreinatu dira merkatuan.
Bada, orain aste batzuk egin zuten saila osatuko duten filmen lehen iragarpena, eta zerrenda osatu dute orain. Evolek Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa esklusiboa du oinarri lanak eta “2018an desegin zen arte ETAk izan zituen une erabakigarrietako batzuk ere jorratzen dituela zehaztu dute jaialdiko arduradunek.
Donostiako Zinemaldiak bidalitako oharrak, halaber, dokumental honen zuzendarien adierazpen batzuk jasotzen ditu: “Film hau egin dugu gure herrialdearen historiarekiko erantzukizuna dugulako, neurri batean ETAren terrorismoak asko markatu duelako historia hori. Aukera paregabea iruditu zitzaigun erakunde terrorista horretako kide izan den norbait elkarrizketatzea. Halaber, ahaztea edo gure historiaren zati horri ez begiratzea erabaki duen belaunaldiarentzat funtsezko balio pedagogikoa du. Memoria historikoko ariketa da”.
Zinemaldian estreinatu ondoren, NETFLIX streaming plataformaren eskaintzaren parte izango da dokumentala.
[…] batzuk ere jorratzen dituela zehaztu zuten jaialdiko arduradunek iragan astean, filmak Made In Spain saila irekiko zuela iragaztean. Jarraian dituzue filmaren […]