Estibaliz Urresola eta Victor Erice euskal zuzendarien filmak, 20.000 erle espezie eta Cerrar los ojos, aukeratu dituzte Oscar sarien hurrengo edizioan Espainiako Estatua ordezkatzeko. J.A. Bayona kataluniarraren La sociedad de la nieve filmak osatu du aurre aukeraketa sorta.

Natalia de Molina aktoreak, Esther García ekoizleak eta Borja Cobeaga zuzendari eta gidoilariak, Hollywoodeko Akademiako eta Espainiako Zinema Akademiako kideak hirurak, iragarri dituzte gaur goizean akademikoen bozen bidez aukeratutako hiru filmak. Hala, bozen bigarren itzuli bat egingo dute orain, eta datorren irailaren 20an iragarriko da Hollywoodeko Akademiaren sarietan Espainiako Estatua ordezkatuko duen titulua. Datorren martxoaren 10ean, Los Angeleseko Dolby Theatre antzokian ospatuko diren Oscar sarietarako hautagaitza fasearen langa igaro beharko du horretarako film hautatuak.

Victor Erice zinemagile karrantzarraren itzulerako lana da Cerrar los ojos. El espíritu de la colmena (1973), eta El sur (1983) lanek eman zioten nazioartean ospea, europar zinemagintzako zinemagile garrantzitsuenen artean kokatzeraino. El sol del membrillo (1992) sortu zuen gero, eta ordutik bestelako proiektuetan murgilduta egon bada ere, bere laugarren film luzerik ez dugu ezagutu. Bada, 30 urte luze pasa dira, eta Cannesko Zinema Jaialdiko 76. edizioan aurkeztu zuen Cerrar los ojos , Cannes Premiere sailean. Berriki ezagutu dugu lana TIFF – Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 48. Edizioan eta 71. Donostia Zinemaldian emango dutela ere.

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean Esti Urresola laudioarraren 20.000 erle espezie / 20.000 especies de abejas filmak, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan jarri zuten ikusgai. EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak jakitera eman zuenez, Estibaliz Urresolaren opera primak 17.000 ikus-entzule bildu zituen lehen asteburuan Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan; estreinaldirik onena izan zen. Egun, 150.000 baino gehiago dira filma ikusi dutenak, eta berriz ere pantaila handira ekarriko dute Euskal Herrian: 71. Donostia Zinemaldiko Zinemira saila irekiko du. Bidean,  Berlinen, Malagan eta Hong Kongen saritua izan da eta, besteak beste, Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdian lehiatu da ere.

Amaitzeko, Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve filmak 1972ko urriaren 13an Uruguaiko Fairchild hegazkin batek Txileko Andeen mendilerroan jo zueneko istripua birsortzen du. Ontzian, bost tripulatzaile eta 40 bidaiari: Old Christians Club errugbi taldeko 19 kide, eta senideak, jarraitzaileak eta lagunak. Kolpearen ondorioz, hiru tripulatzaile eta 10 bidaiari hil ziren. Lehen gauean, zero azpiko 30 graduak eta zauriak zirela eta, beste lau hil ziren. Hamargarren egunean, fuselajearen hondakinak lurperatu zituen elur-jausi baten ondorioz, beste zortzi hil ziren. Eta beste lau hil ziren 72 egunetako une ezberdinetan, Lurreko lekurik ezohikoenetako batean isolaturik, lehenik maletetan zihoazen janari urriez elikatuz eta, ondoren, hildakoen gorpuez. Filma Netflixek Oscar sarien edizio honetarako egin duen apustua da, eta Veneziako Mostraren eskaintza itxiko du larunbatean.