Guztira, nazioarteko herrialde ezberdinetatik ekarritako 21 film laburrek osatuko dute ShortZinema sail ofiziala. Gainera, aurtengo edizioan omenduko duten Le Ballon Rouge (Albert Lamorisse, 1956) lanari eskainitako atzera begirakoa hartuko du jaialdiak.

Donosskino 2023-sail ofiziala-zinea

Kristonkino ikus-entzunezko fikziozko kolektiboak 2023ko urriaren 11tik 14ra bitartean ospatuko du 7. Donosskino  film laburren festibala, eta iragan uztailean aurreratu bezala, Albert Lamorisse zinemagile frantziarraren Le Ballon Rouge (1956) lana omenduko dute. Hain zuzen ere, Kriston Xabier diseinatzaile grafikoak berau izan du jaialdiko kartela sortzeko inspirazio, eta gainera, film labur laudatua Antzoki Zaharreko pantaila handira ekarriko dute, zinemazaleen gozamenerako.

Aste honetan bertan, bestalde, sail ofiziala osatuko duten ekoizpenen berri eman dute Donosskinoko arduradunek. Guztira, nazioarteko herrialde ezberdinetatik ekarritako 21 film labur ariko dira lehian, tartean, bost euskal proiektu daudelarik.

Gainerakoak, Espainiako lurraldetik, Suitzatik, Zeelanda Berritik, Italiatik, Frantziatik, Argentinatik, Malaysiatik, Pakistandik, Galiziatik edota Herrialde Katalanetatik datoz.

Jarraian duzue hautaketaren zerrenda osoa:

  • Arnasa (Raúl Barreras)
  • Anémona (Alicia Hernanpérez)
  • Datsun (Mark Albiston)
  • Fairplay (Zoel Aeschbacher)
  • Beloc el ciego (Dídac Cabello)
  • Instinto (Teresa Ochagavía)
  • Tria (Giulia Grandinetti)
  • La cena (Jesus Martínez Nota)
  • Lanbroa (Aitzol Saratxaga)
  • Lentejas (José Antonio Campos)
  • La Bête (Joris Laquittant)
  • Domar (Alcibiade Cohen)
  • Please hold the line (Tan Ce Ding)
  • Niuada (Valèria Cuní)
  • Superjodidos (Gaston Haag)
  • Murder Tongue (Ali Sohail Jaura)
  • Muga (Eñaut Castagnet)
  • Solo (Alberto Gross Molo)
  • Ulises (Félix Brixel)
  • Whirpool 3933 (José Luis Santos Pérez)
  • Yegua (Javier Celay)

Sail ofizialeko lehiatik kanpo, atzera begirako bat atonduko dute jaialdiak iraun bitartean. Besteak beste, datorren Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean erakustekotan diren The Revenge of the Red Balloon (Gregg Rossen, 2000) eta Le Ballon Bleu (Katherine Friffin, 2023) ekoizpenak egongo dira ikusgai, aipatutako Le Ballon Rouge-rekin batera.

Sariak

Ondoko sariak ebatziko dira aukeratutako lanen artean: Shortzinema saria film labur onenari, interpretazio onena, epaimahai gaztearen Zinemakiddo saria, euskal film labur onena aitortuko duen Etxean Sortuak saria, ikus-entzuleen saria, eta K Saria.