Movistar Plus+ streaming plataforma eta EITBren arteko aliantza indartu duen akordioaren bidez, euskarazko 275 ordu -hainbat dokumental tarteko- txertatu dira ordainpeko telebistaren katalogoan. Eduki eskaintza berria plataformako erabiltzaile guztien eskura dago jada.

Movistar Plus+, Espainiako ordainpeko telebista plataforma bat da, Telefonica telekomunikazio konpainiaren jabetzakoa.  Canal+ eta Movistar TV kateen elkarketatik sortu zen, 2015eko uztailaren 8an. Hala, egun harpidedun kopuru handiena pilatzen duen ordainpeko telebista zerbitzua da Estatu Espainiarrean, eta baita programazio zabalena eskaintzen duena ere. Izan ere, 80 kanal baino gehiago eskaintzen ditu oinarrizko entretenimendu-paketean, hogeitik gora eduki propioenak. Horrekin batera, filmak, telesailak eta telebista saioak biltzen dituen katalogoa eskaintzen dute.

Bada, aurrerantzean, EITBren erreferentziazko hainbat saio bilduko ditu nahieran, besteak beste, Herri Txiki, Infernu Handi saio ibiltaria, Barre Librea bakarrizketa saioa eta Altxa Txapela lehiaketa.  Horrez gain, 3 Ene Kantak  haurrentzako programaren atalak eta hainbat musika-eduki izango dituzte: hala nola Bidegurutzean programa, Gaztea B Aldea saioaren emanaldiak, eta Gaztea 30, 30, 30 eta Gure Doinuak kontzertuak. Egungo euskal musika ardatz duten saioak guztiak ere.

Gastronomiak ere tarte garrantzitsua izango du, Sukaldaria eta Joseba Arguiñano Sukalerrian saioen bidez. Dokumentalen atalean, halaber, beste hauek:  Dantza urratsak; Paperezko hegoak; Eten barik joten; Ni naiz Lete; Txillardegi; Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa; eta Euskal Herriaren historiako gertakari garrantzitsuenetako batzuk ikuspegi kritikoz birsortzen dituen Baskoniako Historia Bat seriearen hainbat denboraldi era bai.