GOLEM zinema banatzaile eta zinema-areto kateak Hego Euskal Herriko eta Espainiako lurraldeko ikasleek (DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) filmen bidez eskolako ikasgaietan sakontzeko prestatutako programa jarriko du 2023-2024 ikasturtean ere martxan. GOLEM EUSKARAZ  adarrean, euskarazko film luze garaikideak eskainiko dituzte.

Aula Golem-zinea

2023ko irailetik 2024ko ekainera bitartean, Iruñeko Golem Baiona eta Bilboko Golem Alhondiga aretoak ikasgela bilakatuko dira beste behin. Izan ere, aurreko ikasturteko arrakastak bultzatuta (1.300 eta 600 ikasle, hurrenez hurren), Aula Golem Espacio Educativo egitasmoak jarraipena izango du. Herritar kritiko eta kultuak bermatzeko helburua du ekimenak, horien atentzio eta kontzentrazio gaitasuna berreskuratzeko asmoz.

Ekimenean parte hartu nahi duten zentroetako ikasle “natibo digitalek” pantaila handian filmak ikusi, eta “zinemaren magiaz gozatzeko aukera” izango dute, eskolako ikasgaietan sakontzearekin batera. Gainera, hizkuntza-ikasketak sustatze aldera, saioak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin programatzeko hautua egin dezake eskola bakoitzak.

Hiru ardatz ditu 2023-2024 ikasturteko programak. Batetik, historia garaikideari errepasoa emango dioten 10 film proposatuko dituzte; bestetik, LGTBIQ+, migrazioak, feminismoa, genero indarkeria, osasun mentala, gerra eta bakea, zinema eta gazteria edota ingurugiroa gai dituzten ekoizpen aukeraketa eskainiko zaie zentroei, irakasle bakoitzak gaitegi ofizialarekin uztartu ditzan. Azkenik, GOLEM EUSKARAZ  adarrean, euskarazko film luze garaikideak sartu dituzte, D ereduko ikasleei zuzendutakoak, batez ere: Amama (Asier Altuna, 2015), Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017), Black Is Beltza (Fermin Muguruza, 2018) eta Irati (Paul Urkijo, 2022).

Gabonetako eta Ase Santuko opor egunetarako, Julio Mazarico zinemagile, gidoilari eta ekoizle tuterarrak eskainitako tailerrak aurreikusi dituzte. Gainera, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin lankidetzan, ENCUENTRO AUDIOVISUAL “IMÁGENES CON MEMORIA” topaketetan proiektatuko dituzten filmak ikusteko aukera emango diete ikasleei.

Aula Golem Espacio Educativo egitasmoan parte hartu nahi duten hezkuntza-zentroek GOLEM enpresarekin jarri beharko dute harremanetan. Ezagutu Bilboko Golem Alhondiga eta Iruñeko Golem Baiona aretoetako egitarauak.