Irailaren 5etik 28ra bitartean, garai bateko euskal ekoizpenez zein garaikideez osatutako zinema eskaintzaz gozatzeko aukera egongo da, herrialdeko hiriburuan. Bestalde, gaur bertan, UNLP La Platako Unibertsitatean, Apaiz Kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabal, 2021) proiektatuko dute, 17:00etan hasita.

Euskal kultura jardunaldiak-zinea

Buenos Airesko Euskal Unibertsitateak antolatuta, gaur abiatuko dituzte VIII. Euskal Kultura Jardunaldiak hirian, eta euskal zinemak berebiziko garrantzia izango du. Argentinako Kongresu Nazionaleko Liburutegiko Kultura Gunean, astearteetan, film labur eta luzeen emanaldiak proposatuko dituzte, 18:30ean hasita.

Euskal Zinema Ibiltaria zikloaren bultzatzailea den Carlos Gabilondok atondu du egitaraua, eta garai bateko euskal ekoizpenez zein garaikideez osatutako eskaintza ondu du. Filmen emanaldiez gain, jardunaldietan hitzaldiak eta tailerrak ere egongo dira. Denetara bertaratzeko sarrera doan da.

Jarraian duzue zinema egitaraua:

  • Irailaren 5ean: Nafarrako Ikazkinak (Montxo Armendariz, 1981) eta Tasio (Montxo Armendariz, 1984)
  • Irailaren 12an: Sintonía (Jose Mari Goenaga, 2005) eta 80 egunean (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2010)
  • Irailaren 19an: Amona putz! (Telmo Esnal, 2010) eta Nora (Lara Izagirre, 2020)
  • Irailaren 26an: Cólera (Aritz Moreno, 2013) eta Ilargi guztiak (Igor Legarreta, 2021)

Ez da ordea, egunotan, euskal kulturarekin eta zinemarekin lotuta Argentinan egingo den ekimen bakarra. Izan ere, gaur bertan, UNLP La Platako Unibertsitatean, Apaiz Kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabal, 2021) proiektatuko dute, 17:00etan hasita. Etxepare Euskal Institutuko irakurlea den Sabrina Otegik proposatutako saioa da, eta bertaratutako ikasleek Lizartza zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute.