Irailaren 22ko eta 30eko galetarako sarrerak festibalak ahalbidetutako plataformetan eros daitezke. Donostia Saria jasoko duen Victor Ericeren omenaldi-ekitaldira bertaratzeko txartelak ere eskuragarri daude.
Irailaren 22an abiatuko du Donostia Zinemaldiak 71. edizioa, ohi bezala, Kursaal jauregiko areto nagusian, eta oholtzan azalduko dira, 20:30etan, Eva Hache eta Gorka Otxoa aktoreak. Bob Pop idazle eta kritikariak idatzitako eta Mireia Gabilondo zinemagileak zuzendutako irekiera-ekitaldia gidatuko dute, eta ostean, Hayao Miyazaki animaziozko zinemaren maisu japoniarraren Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron film luzea erakutsiko dute, lehiaketaz kanpo. Aurretik, baina, Fipresci Sari Nagusia jasoko du Aki Kaurismäkik, Kuolleet ledhet / Fallen Leaves filma zuzentzeagatik zinema kazetari eta kritikariek hala ebatzita.
Irekiera-ekitaldiko ildoa “zinemak begirada plural, ezohiko eta poliedrikoak eskaintzeko duen gaitasun harrigarria” izango dela zehaztu dute, eta animazioak garrantzia izango du. Gabilondok eta Pob Popek adierazi dutenez, “aurtengo edizioan ere, zinemari buruz hitz egingo dugu, gizadiaren bihotzera gerturatzeko baliatzen dugun kirurgia basati, adeitsu, krudel, malenkoniatsu, samur, dibertigarri, polemiko, izugarri eta hunkigarri horretara, hain zuzen”.
Eszenografia Cesc Calafellek diseinatu du, Art Déco estilora hurbilketa proposatuz. LED argizko kaxak eta RGB argizko arkuak izango ditu, eta bere hitzetan, “nolabait klasikoa den” izaera garaikideko gune baten parte izango dira, Audience musika-taldearen soinu-bandapean.
Gala zuzenean jarraitzeko aukera egongo da ETB1en, eitb.eus zein Zinemaldiaren webguneetan, baita TVEren La 2 katean zein RTVE Play plataforman ere. Aldiz, zinemaren festaren hasiera aurrez aurre bizi nahi dutenek, horretarako aukera izango dute ere. Zinemaldiaren sansebastianfestival.janto.es eta kutxabank-zinemaldi.janto.es webguneetan eskuratu daitezke, 80 euroan.
Gainerako galak
Irailaren 26an ospatuko da Euskal Zinemaren Gala, eta Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía) pantailaratuko dute, Victoria Eugenia Antzokian. Hitzorduari 19:30ean ekingo diote, eta ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko dute.
Victor Erice zinemagile karrantzarrak jasoko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko bigarren Donostia Saria. Ana Torrent aktoreak emango dio, irailaren 29an, Victoria Eugenia Antzokian, eta zuzenean ikusi ahalko da ETB4, eitb.eus, La 2 eta RTVE Playn, 22:00etan. Galara bertaratzen direnek karrantzarraren itzulerako filma, Cerrar los ojos ezagutuko dute.
Itxiera-ekitaldiari dagokionez (irailaren 30ean, 21:00etan), Hachek berak eta Loreto Mauleon aktoreak aurkeztuko dute, eta ETB1en, eitb.eus zein Zinemaldiaren webguneetan, baita TVEren La 2 katean zein RTVE Play plataforman ikusi ahalko da. Kursaal jauregiko areto nagusian, Dance First (James Marsh) pelikularekin emango diote 71. edizioari amaiera.