Abian da DokLab Navarra formakuntza laborategiaren bigarren edizioa, eta 2024ko Punto de Vista zinema jaialdiaren baitan sortzaileek egin beharko dituzten pitching saioekin bukatuko da. Besteak beste Raul de la Fuente eta Amaia Remirez zinemagile, gidoigile eta ekoizle iruindarrak izango dituzte tutore.

Doklab-2023-zinea

Dokumentalista berrien ahotsak bildu, esploratu eta audientzia globalari helarazteko asmoa duen DokLab formakuntza programak hitzarmen akordioa berritu zuen ekainean Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiarekin. Hitzarmenak jasotzen duenez, festibaleko zuzendari artistikoa den Manuel Asin hautaketa-batzordeko kide bilakatuko da.

Aukeratutako proiektuen sortzaileak Oltzako Jauregia izango dute egoitza 2023ko irailaren 4tik 17ra bitartean, eta egonaldian proiekzioak, tailerrak, topaketak eta beste hainbat jarduera izango dituzte, beren proiektuak garatu bidean. Orotara, Mexiko, Kolonbia, Peru, Txile, Dominikar Errepublika, Argentina, Austria, Erresuma Batua eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako 17 egoiliarrek hartuko dute parte, 16 proiektutan lan eginaz.

Ostean, sektoreko profesionalek -besteak beste, Raul de la Fuente eta Amaia Remirez, Tatiana Huezo, Victor Kossakovsky eta Chico Pereira- horien online jarraipena egingo dute. Azkenik, hirugarren eta azken fasean, parte hartzaileek  pitching saioak egin beharko dituzte 2024ko Punto de Vista jaialdian.

Arena Comunicación ekoiztetxeak, Intermon Oxfam eta Golem enpresarekin batera antolatu du Punto de Vistak DokLab formakuntza programa, eta ICAA Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren finantziazioa du, NextGenerationEU-ren baitan. Espainiar lurraldeko eta Latinoamerikako zinemagile berriei zuzenduta dago bereziki, dokumentalgintzaren indarra eta balioa ulertzen eta sinesten dutenei espresuki, eta bazkide sarea Bartzelonako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak zein Mexiko Hiriko Zinema Dokumentalaren nazioarteko Zinemaldiak osatuko dute beste behin.