Besteak beste, Maria Elorzak zuzendutako eta nazioartean sariak pilatu dituen A los libros y a las mujeres canto (2022) ez-fikziozko lana pantailaratuko dute. Film bakarra eskainiko dute euskarazko azpitituluekin, La biblioteca del mondo (Davide Ferrario, 2022).

Zinecitta-2023-zinea

ZINECITTÀ Bilbon zinema italiar garaikideari eskainitako ekitaldi bakarra da, Euskaditalia Italiako Hizkuntza eta Kulturaren Zentro Ofizialak asmatu eta sustatua. Ekimen aitzindaria da Estatu Espainiarrean iparraldean, eta Italiako ikus-entzunezko lanak jatorrizko bertsioan azpitituluekin proiektatzea proposatzen du.

Lehen edizioa 2016an izan zen, ingurune pribilegiatu batean (Kale Nagusiko BBK aretoa, 19) eta Italiako panorama zinematografiko gaurkotuenaren lagin bat aurkeztu zuen programazioarekin. Ordutik, ZINECITTÀk harrera bikaina izan du euskal ikusleen artean (1.200 ikusle baino gehiago edizio bakoitzeko, hiru egunetako egitarauan) eta oihartzun handia izan du komunikabideetan, bai tokiko prentsan, bai komunikabide espezializatuetan.

Hitzorduak 7. edizioa ospatuko du laster, irailaren 27tik 29ra bitartean, eta dagoeneko iragarri dute egitaraua. Adierazi dutenez, “ikusleei jauzi egiteko eta murgiltzeko gonbidapena” luzatzeko asmoz, hainbat jarduera prestatu dituzte, “begiak ireki, ingurukoa ikusi eta harritu daitezen”.

Guztira, sei film pantailaratuko dituzte Bilborock aretoan eta Euskaditaliaren egoitzan, eta zenbait emanaldien ostean solasaldirako tartea egongo da, ondoko gaiak jorratuz: “literatura beste bizitza batzuk ezagutzeko eta antzerkia beste bizitza batzuk bizitzeko aukera gisa; eta niaren eraldaketa, haurtzaro eta helduaroaren, femenino eta maskulinoaren, eta erreala eta irudizkoaren arteko metamorfosi etengabeaz baliatzen den elkarrekiko kidetza-jokoa”. Gainera, bikoizketa tailer berezi bat ere eskainiko dute.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Irailaren 25ean, 19:00etan, Bilborocken: La Stranezza (Roberto Andò, 2022).
  • Irailaren 26an, 9:30ean, Euskaditalian: Bikoizketa tailerra (30 euro)
  • Irailaren 26an, 19:00etan, Bilborocken: Smetto quando voglio (Sydney Sibilia, 2014)
  • Irailaren 27an 19:00etan, Bilborocken: Lasciarsi un giorno a Roma (Edoardo Leo, 2022). Solasaldia zuzendariarekin.
  • Irailaren 28an, 19:00etan, Bilborocken: Primadonna (Marta Savina, 2022). Solasaldia zuzendariarekin.
  • Irailaren 29an, 11:00etan, Euskaditalian: A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022).
  • Irailaren 29an, 19:00etan, Euskaditalian: La biblioteca del mondo (Davide Ferrario, 2022). Ostean, amaiera-festa.

Saio guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, espainierazko azpitituluekin (La biblioteca del mondo filma salbu, euskarazkoekin). Leihatilan bertan erosiz gero, sarrera bakoitzak 3 euroko kostua du (eskudirutan edo bizum bidez ordaindu daiteke); aldez aurreko salmentan, 3 euro + gastuak.