Hemeretzi lanek –15 film luze, film ertain bat, film labur bat eta bi telesail– osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko euskal parte-hartzea. Halaber, Paco Sagarzazu aktorearen ibilbide oparoa sarituko du Zinemira Sariak.
Hemeretzi lanek –15 film luze, film ertain bat, film labur bat eta bi telesail– osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.
Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila da, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak elkarlanean. Euskal zinemagintzaren azken lanen lagin bat erakutsi ohi du urtero: mundu mailako estreinaldiak, euskal ekoizpena daukatenak edota euskal komunitatea oinarri dutenak. Bada, aurtengoan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film hartuko ditu bere gain. Horietatik hiru, kontuan izanik Zinemaldian izango dutela mundu-estreinaldia, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetako beste bi lanekin batera.
Horrela, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 €-ko saria eskuratzeko:
Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).
Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinezen parte-hartzea. Beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren bi filmerekin izango da aurten Donostian: batetik, Bizkarsoro, alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osaturikoa; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –Zinemira sailari amaiera emango dion lana– Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanerako hurbilketa bat.
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira, halaber, beste sail batzuetan lehiatuko diren beste bi film. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animazio-filma; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas). Azken hau izango da, gainera, irailaren 26an, Victoria Eugenia Antzokiak hartuko duen Euskal Zinemaren Galaren baitan emango duten lana.
Hauekin batera, beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa -lehiaz kanpo, aurretik estreinatu direlako-: Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie), zeinak hasiera emango dion sailari; Irati, Paul Urkijoren bigarren film luzea; Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt aktoreak zuzendutako lehen filma; Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia den Amat Vallmajor del Pozoren Misión a Marte / Mission to Mars (egileak WIP Europan parte hartu zuen film honen proiektuarekin); Tetuan, Iratxe Fresnedaren azken lana; eta Félix Viscarreten Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life.
Euskal zinemagileak Zinemaldiko beste sail eta gala batzuetan
Arestian aipatu bezala, jaialdiaren ia sail guztietan izango da euskal zinemagintzaren arrastorik. Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko ariko da lehian Jaione Cambordaren O corno / The Rye Horn; filmak Ikusmira Berriak programan hartu zuen parte proiektu-fasean zegoela, eta Donostian eman aurretik Toronton erakutsiko da.
Victor Ericek jasoko du aurtengo edizioko Donostia Sarietako bat (sari hori beretuko duen lehen euskal zinemagilea izango da), eta Cerrar los ojos / Close Your Eyes aurkezteko aukera izango du, bakarka zuzendutako lehen filmarekin (El espíritu de la colmena) Urrezko Maskorra eraman eta 50 urte geroago.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, bi euskal ekoizpen emango dira: batetik, Ion de Sosaren Mamántula film ertainak mundu-estreinaldia izango du; bestetik, Irati Gorostidiren Contadores film laburra emango da, a iazko Kimuak katalogoan bildu ondoren. Gaur egun, Gorostidi bere lehen film luzea ari da garatzen, Anekumen, 2022ko Ikusmira Berriak programan eta beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan hautatua.
Made in Spain sailean bildua, halaber, Upon Entry / La llegada aurkeztuko da, euskal ekoizpena duena, Alejandro Rojasek (Caracas, Venezuela. 1976) eta Juan Sebastián Vásquezek (Caracas, Venezuela. 1981) zuzendutako lehen film luzea da eta Alberto Ammann du protagonista.
Gainera, Belodromoan Go!azen EiTBren gazte-telesail musikalaren denboraldi berriko lehen kapitulua emango da. Era berean, Chinas, Arantxa Echevarriak zuzendutako film berria, RTVE Galen parte izango da.
Amaitzeko, irailaren 27an Victoria Eugenia Antzokian programatutako EiTB Galak Itxasoren estreinaldia hartuko du. k Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia dira EiTBren euskarazko fikziozko telesail berri honen protagonistak.
Proiektuak
Zinema-aretoetan emango ez badira ere, proiektu-fasean diren euskal ekoizpen batzuk ere izango dira Zinemaldian, hala nola La última noche de un erasmus en Roma, David Pérez Sañudo Ikusmira Berriak egonaldi-programan prestatzen ari den filma, eta baita Bonzo Studiosek Zinemaldia Startup Challenge atalean aurkeztutako proiektua ere.
Zinemira Saria: Paco Sagarzazu
Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Orain arte, Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), ElIas Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), Jose Maria “Txepe” Larak (2019), Sara Bilbatuak (2019), KIMUAK programak (2021) eta Txema Areizagak (2022) jaso dute.
Aurten, Zinemaldiak eta ekoizle-elkarteek Paco Sagarzazu aktorea omentzea erabaki dute, azken 40 urteotan “ezinbestekoa” izan delako euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan.
Hemen ikus dezakezue, xehe, euskal zinemaren parte-hartzea.