Donostia Zinemaldiko Industria Sailak Brasilgo zinemagintzari eskainiko dio Focus on ekimena. Honen bidez, brasildar jatorriko profesionalez osaturiko talde bat Zinemaldira etorriko da euren harreman-sarea zabaldu eta Industriaren jardueretan parte hartzeko.
Donostia Zinemaldiko Industria Sailak, 2014az geroztik, urtero antolatu du Focus on ekimena. Ekimen horretan, herrialde, eskualde edo lurralde batetik etorritako profesionalez osaturiko talde bati Zinemaldira etortzeko gonbita luzatzen zaio, euren jarduna aurrera eramateko plaza berri gisara.
Bada, 2023an, Cinema do Brasilekin gauzatutako lankidetzari esker, Brasilgo ikus-entzunezkoetako zortzi profesionalek izango dute abagunea beren proiektuetarako bazkideak aurkitzeko eta nola Europako hala Latinoamerikako beste herrialde batzuekin batera ekoizteko aukerak zabaltzeko.
1975ean lehendabizikoz lehiatu zen film brasildar bat Sail Ofizialean: Antonio Carlos da Fontouraren A Rainha Diaba; harrez geroztik, Brasilgo zinematografiak etengabeko presentzia izan du Zinemaldian. Horrela, 2008an Donostia Zinemaldiak eta Cinema do Brasilek hasi zuten lankidetza emankorrari esker, ekoizpen brasildarren etengabeko presentzia lortu da, dela sail lehiakorretan, dela WIP Latamen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan.
2023an zazpi ekoizpen eta koprodukzio brasildar aurkeztuko dira Donostian: Maria Alche eta Benjamin Naishtaten Puan, Sail Ofizialean; Guto Parenteren −2022ko WIP Europan Projecto Paradiso jaso zuena− Estranho Caminho / A Strange Path eta Carolina Markowiczen Pedágio / Toll, Horizontes Latinos sailean; Eduardo Williamsen El auge del humano 3 / The Human Surge 3 eta Rodrigo Morenoren Los delincuentes / The Delinquents, Zabaltegi-Tabakalera sailean; eta Lucila Marianiren Los días libres / The Days Off, eta Alice Stamato eta Val Hidalgoren Ninho Tinto / Red Nest, azkenik, Foroan.
Focus on, bilakaera
Arestian aipatu bezala, Focus on ekimena 2014an abiatu zen, Focus on Canada programarekin, Telefilm Canadarekin izandako lankidetzari esker. Herrialde bera izan zen jomugan 2015an ere, arrakasta handia izan baitzuen 2014ko edizioak. 2016an, Danimarka, Islandia eta Norvegiako zinema-institutuekin lankidetzan, Focus on Nordic Glocal egin zen; 2018an, bestalde, Baltikoko herrialdeei eskaini zitzaien; 2019an, Poloniako Zinema Institutuaren laguntzari esker, Focus on Poland egin zen; 2021ean, berriz, Focus on Georgia egin zen Georgian National Film Center erakundearekin lankidetzan; eta 2022an, azkenik, Focus on Serbia gauzatu zen Film Center Serbia entitatearen lankidetzari esker.