Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center entitateak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatutako jarduera batean, 6 eta 11 urte bitarteko milaka neska-mutilek zinema eta zientzia uztartzen dituen film baten emanaldiaz gozatuko dute Belodromoan. Era berean, familientzako sei filmez osaturiko hautaketa bat aurkeztuko da.

Etxeko txikiak ere Zinemaldiaren magiaz blaitzeko parada ezin hobea izan ohi da urtero Belodromoko eskaintza, eta 2023an ere aurreko urteetan jorratutako bideari eutsiko diote. Ikastetxeak Belodromora ekimeneko saioek, esaterako, historiaurrera bidaiatzeko eta sumendiak hobeki ezagutzeko aukera emango dute, EAEko ikasleei zientziaren irudi positiboa helarazteko eta Donostia hiriak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia erakusteko.

Hala, Belodromoko pantaila erraldoian Boonie Bears: Abentura Historiaurrean (Boonie Bears: Blast Into the Past) filma emango da, Leon Dingek zuzendutako animazio-filma. Euskarara bikoiztuta proiektatuko dute, eta emanaldiarekin batera, sumendien inguruko aurkezpen original eta dibertigarri bat egingo da.

Janire Prudencio Granadako Unibertsitateko bulkanologoa etorriko da programaren edizio berri honetara gonbidatu gisa. Prudenciok 20 sumendi aktibotan baino gehiagotan lan egin du, Japoniatik Antartikara, baita Islandiako eta La Palma uharteko azken erupzioetan ere.. Izan ere, bere lana sumendien barne-egituraren azterketan eta sumendien erupzioen aitzindariak identifikatzeko adimen artifizialeko tekniken aplikazioan oinarritzen da, eta fenomenoa oso ondo ezagutzen du. Hain zuzen, bere jardun urteetan pilatutako bizipenak Belodromoko umeekin partekatuko ditu.

80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizeko ordutegian, irailaren 22an (ostirala) eta irailaren 25etik (astelehena) 29ra (ostirala).

Haurrentzako zinema

Bestalde, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan familientzako sei filmez osaturiko hautaketa bat aurkeztuko da. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean, zehazki, animaziozko bost film eta irudi errealeko film bat, besteak beste. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusiko dituzte ikus-entzuleek.

Ainbo: Amazoniako gerraria  Jose Zeladak eta Richard Clausek zuzendutako filma da, Perun ekoitzia. Bere herria gizon zuriaren botere suntsitzailetik salbatzeko bidaia bati egingo dion arkulari gazte baten istorioa kontatzen zaigu filmean.

Max Langek zuzendutako Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk ekoizpen britainiarraren protagonista barraskilo bat da, mundua ezagutzeko irrikan egonik bale-isats baten gainean igoko dena.

Kazuaki Imai japoniarrak zuzendutako Doraemon Movie: Nobitaren dinosaurio berria garai guztietako haurrek gehien maite duten pertsonaietako baten abentura zinematografiko berriaren estreinaldia da Espainian.

Engeli Broberg zinemagile suediarraren Gabi, 8 urtetik 13 urtera, irudi errealeko ez-fikzio bat, bere genero-identitatea berresteko borroka egiten duen pertsona baten haurtzaroa eta eguneroko bizitza dokumentatzen dituena.

Ilargirantz Alemaniaren eta Austriaren arteko ekoizpena da. Ali Samadi Ahadik zuzendutako film horretan, Pete txikiak Moon Man maltzurraren atzaparretatik erreskatatu beharko du arreba txikia, Zoomzeman Jauna kakalardoarekin eta Sandmanekin batera egingo duen bidaia batean.

Haurrentzako Zinema Superheroien familia filmak osatuko du. Bertan, Rasmus A. Sivertsen zuzendari norvegiarrak Hedvigen gorabeherak kontatzen dizkigu; jendea bera ere superherioa izan daitekeela (aita bezalaxe) konbentzitu behar duen neskato bat da Hedvig.