Mariano Cohn eta Gaston Dupraten Nada telesailaren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinema sailari, eta Tran Anh Hungen La passion de Dodin Bouffant lanak, aldiz, amaiera. Hiru film luze eta telesail bat ariko dira lehian Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko.

Basque Culinary Centerren zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek aurkeztu dute Culinary Zinema, berritasun handirik gabe: emanaldiak eta horiekin lotutako bost afari tematiko ere barne hartuko ditu sailak.

Gastronomiarekin lotutako lau film eta telesail batek osatuko dute atala, Argentina, Alemania, Txina, Peru edo Frantziako gastronomien inguruko bost istorio kontatuko dituztenak. Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendarien Nada telesail argentinarraren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera egiatarauari: 30 minutuko bost kapituluz osaturiko fikziozko mini telesail honen protagonista egoera larrian egongo da etxeko langilea hiltzen zaionean eta bere burua zaintzeko baliabiderik gabe geratzen denean. Luis Brandoni eta Majo Cabrera dira aktoreak, eta Robert De Niro artista gonbidatu berezia izango da azken atalean.

Nan fang nan fang / Back to the South Xiao Haiping zuzendariaren lehen film luzea da, fikziozko lan honen protagonistak Pekin utziko du –eta hiriarekin, baita bere lana eta senargaia ere− bere jaioterrian landetxe bat muntatzeko; hala, gonbidatuentzako janaria prestatu eta horien istorioak ezagutuko ditu bertan.

Mariano Carranza zinema dokumentaleko ekoizle eta zuzendaria ezaguna da gizakion asmamena, pertseberantzia eta sormena aztertzeko aitzakia gisa janaria erabiltzen duten film eta telesailetan lan egiteagatik. Pachacútec, la escuela improbable filma aurkeztuko du Carranzak; filmak lehiaketatik kanpo parte hartuko du, film ertaina baita. Gastón Acurio sukaldariarekin elkarlanean ekoiztutako ez-fikzio honek Peruko hiru sukaldariren istorioa kontatzen digu: Lima hiriko auzo behartsu bateko eskola batek euren lanbidean arrakasta izateko bidea ireki zien.

Saileko beste dokumentala She Chef da, Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel zuzendariena. Filmak Agnes sukaldari gaztearen istorioa kontatzen du, zehazki, munduko jatetxe ospetsuenetako zenbaitetan egiten ari den praktikaldia.

Trân Anh Hùngek zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen La passion de Dodin Bouffant filmarekin eta, hain zuzen ere, film horrekin emango dio amaiera sailari. XIX. mendearen amaieran girotuta dago filma eta Juliette Binoche da protagonista; zehazki, 20 urtez Dodin gourmetarentzat (Benoît Magimel) janaria prestatu duen baina harekin sekula ezkondu nahi izan ez duen Eugénieren rola egiten du antzezle frantziarrak.

Aurten lehiazkoa saila izango da eta lau ekoizpenek Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratu ahal izango dute (10.000 euro film irabazlearentzat).

Afari tematikoak

Saileko bost filmekin batera afari tematikoak egingo dira irailaren 25etik 29ra bitartean Basque Culinary Centerren. Baterako sarrerak (emanaldiak eta afariak) bihar −irailaren 1ean− jarriko dira salgai, 10:00etan, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez (sansebastianfestival.janto.es eta https://kutxabank-zinemaldi.janto.es).

Soilik filmak ikusteko sarrerak irailaren 17tik aurrera jarriko dira salgai 8,50 euroren truke, Pachacútec, La escuela improbable / Pachacútec, The Improbable School pelikularen kasuan izan ezik, film ertaina izanik 4,25 euro balioko baitu horrek.