Guztira hemeretzi film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiazkoa, urteko film espainiarren hautaketa bat biltzen duena. Horien artean bost mundu-estreinaldi gisa emango dira; gainerakoak, ordea, aurretik nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak dira.
Alvaro Longoriak emango dio amaiera sailari; zehazki, mundu-estreinaldi gisa emango da Zinemaldian La vida de Brianeitor, ezgaitasun fisikoa izanda ere modako gamerrik handienetako bat bihurtu den gazte bati buruzkoa.
Film laburrak zuzendu ondoren −horietako batek, Estocolmo (2010) izenekoak, Nesten parte hartu zuen−, Juan Francisco Viruegak Amanece film luzea aurkeztuko du, bere lehen film luzea, mundu-estreinaldia Donostian egingo duena. Filmaren protagonistak bi ahizpa dira, eta gaixorik duten amari lagun egin bitartean bizitako gorabeherak kontatzen dizkigu filmak.
Asedio Miguel Angel Vivasen thriller bat da, Malagako Jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatua. Natalia de Molina, Francisco Reyes eta Alejandro Casaseca aktoreak ditu protagonista, besteak beste.
Malena Alterio, Alexandra Jiménez, Fele Martínez, Antonio Pagudo, Eva Ugarte eta Juan Carlos Vellido dira Bajo terapia / Under Therapy filmeko protagonistak, talde-terapiara doazen hiru bikoteri buruzko filma. Gerardo Herrero zinemagilearen (azken lanak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Malagako Zinema Jaialdian.
Creatura, proiektu-fasean zegoela Ikusmira Berriak egonaldi-programatik igaro zena, Cannesko Quinzaine del cinéastes atalean estreinatu zen, non Europako film onenaren Europa Cinemas saria lortu zuen. Zuzendaria, Elena Martin Gimeno, bere gorputzarekin adiskidetu nahi duen gazte batengana hurbiltzen da.
Juan Gonzalezek eta Fernando Martinezek osatzen duten Burnin’ Percebes kolektiboak El fantástico caso del Golem / The Fantastic Golem Affairs aurkeztuko du; film laberintiko honetan, Brays Efe, Bruna Cusi, Javier Botet, Anna Castillo, Luis Tosar eta Roberto Alamo aktoreak dira nabarmentzekoak.
Halaber, Els encantats filma ere Malagako Sail Ofizialean lehiatu zen eta gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen bertan; Laia Marull da filmaren protagonista, eta alabaren absentziari lehendabizikoz aurre egin beharko dion emakume baten rola egiten du. Elena Traperen bigarren filma da.
Malagako Jaialdiak emanaldi berezi bat programatu zuen Hay una puerta ahí estreinatzeko; ez-fikzio horren zuzendariak Juan eta Facundo Ponce de Leon dira; bi gizonen arteko adiskidetasuna deskribatzen du filmak, batek besteari hiltzen laguntzen dionean.
Made in Spainek Hormigas perplejas / Perplexed Ants filmaren mundu-estreinaldia ere hartuko du; euren industriaren erorketari aurre egiten saiatuko diren langileen giza paisaia marrazten du filmak. Mercedes Moncada Rodriguezen (Sevilla, 1972) ez-fikziozko azken lana da.
Malagako Jaialdiko emanaldi berezi batean aurkeztua, La memoria del cine: una película sobre Fernando Méndez-Leite / The Memory of Cinema: A Film about Fernando Méndez-Leite Moises Salamak (Melilla, 1953) zuzendutako dokumentala da; gaur egun Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente den kritikari eta errealizatzaile horri buruzkoa da.
Tesalonikako Zinema Dokumentalaren Jaialdian estreinatu zen Paloma Zapataren La Singla. Filmaren egileak, 17 urterekin flamenkoaren mundua irauli baina 30 urte bete aurretik eszenatokietatik modu misteriotsuan desagertu zen dantzari bati arrastoa jarraitzen dio.
Las chicas estan bien / The Girls Are Alright, Karlovy Varyko Jaialdian lehiatu zen filma, Itsaso Aranak zuzendutako lehen filma da. Antzezle gisa ere parte hartuko du Aranak, eta Barbara Lennie eta Irene Escolar nabarmentzen dira aktoreen zerrendan; landetxe batean antzezlan bat entseatzeko bilduko diren emakume talde baten rola egin dute.
Alvaro Gago izen bereko bere film laburrean oinarritu da Matria film luzea zuzentzeko. Gagoren lehen film luzea Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zen, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Malagan. Maria Vazquezek Galiziako herri batean bizi den eta testuinguru pertsonal eta laneko korapilatsu batean murgilduta dagoen emakume baten rola egin du.
Claudia Pinto Emperadorrek Mientras seas tú / While You’re Still You aurkeztuko du estreinako aldiz; Carme Elias aktoreari Alzheimerra diagnostikatu ondoren gertutik jarraituko dio filmak.
Diego Llorentek Rotterdameko Jaialdian parte hartu zuen bere hirugarren lan Notas sobre un verano filmarekin; filmean, neska gazte protagonista Gijonera itzuliko da uda igarotzera eta familiarekin, lagunekin eta aspaldiko maitasunekin egingo du topo berriz.
Santiago Auseron musikaria Kubara itzuliko da Juanma Betancorten Semilla del son / Seed of Son dokumentalean. Radio Futurako lider ohia, gaur egun Juan Perro ezizenarekin ezaguna eta musikologo ospetsua, erritmo afrikar-karibetarren bidean egindako soinuzko road movie honen protagonista da, eta interprete kubatar ugarik ere parte lan dute. Mundu-estreinaldi gisa programatuko dute lana.
Sica, Malagako Jaialdian zein Berlinaleko Generation 14plus sailean aurkeztua, Carla Subiranaren film luzea da. Costa da Morten aita arrantzalea galdu zuen nerabe baten istorioa kontatzen du zinemagileak.
Kirol-kazetaritzan eskarmentu handia duten Jesus Muñozek, Xavi Torresek eta Santi Padrok elkarrekin zuzendu dute Malagako Jaialdiko emanaldi berezietan estreinatutako Unzué. L’últim equip del Juancar / Unzué. El último equipo de Juancar. Juan Carlos Unzue Barçako entrenatzaile eta atezain ohiaren eguneroko bizitzaren deskribapena da, alboko esklerosi amiotrofikoaz diagnostikatua izan ondoren.
Alberto Ammannek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Málagako Jaialdian Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquez zinemagileen Upon Entry filmean egindako lanagatik (zinemagileen lehen lana da). Ammannek eta Bruna Cusik New Yorkeko aireportuko immigraziogunean sartu eta atxikitako bi senar-emazteren rola egin dute film honetan.