Victor Iriarte euskal zuzendariaren Sobre todo de noche filmak mundu mailako estreinaldia izango du gaur abiatu den Veneziako Nazioarteko Zinemaldian. Giornate degli Autori sailean aurkeztuko du bere opera prima izan dena, datorren irailaren 2an.

Italiako zinemagileen elkarteak sustaturiko Giornate degli Autori sailak abuztuaren 30etik irailaren 9ra bitartean ospatuko du 20. edizioa. Orotara, hamar opera prima izango dira lehia ofizialean, eta beste horrenbeste pantailaratuko dituzte sariak eskuratzeko hautagai izan gabe.

Batez ere, Europako zinemagile berrien lanek osatuko dute zerrenda, eta tartean, bada euskal herritar bat ere. Donostia Zinemaldian hautaketa-batzordeko kide eta Elías Querejeta Zinema Eskolako irakasle den Victor Iriarte bilbotarrak Sobre todo de noche aurkeztuko du Lido uhartean. Duero ibaiaren ertzean topatzen diren berrogeita hamar urteko bi emakumeren (Lola Dueñas eta Ana Torrent ditu aktore) istorioa oinarri, hiru heriotza, bi lapurreta eta ihesaldi bat dituen genero beltzeko lana da.

Gaztetan, Verak (Dueñas) bere haur jaioberria adopzioan eman behar izan zuen, haren kargu ezin izan baitzen egin. Corak (Torrent), aldiz, medikuak hala aitortuta, ezinezkoa zuen seme-alabarik edukitzea, eta adoptatzeko aukera proposatu zion. Batak zein besteak, ama izatearen esperientzia partekatuko dute, eta Egoz (Manuel Egozkue) gaztea da bien arteko lotura. Portugalera egindako bidaian, iragana gogoratu eta etorkizuna berridatzi nahiko dute.

Irailaren 2an, larunbatean, egingo dute Sobre todo de noche filmaren estreinaldia, arratsaldeko 16:45ean, emanaldi berezi batekin.

Zuzendaritzara salto

Isaki Lacuesta zinemagilearen laguntzaile izaten hasi zuen bere ibilbide profesionala, Cravan versus Cravan (2001) lanean, hain zuzen ere, eta  argazki-arloaz ere arduratu da hainbat filmetan. Programatzaile ere bada, eta orain, zuzendaritzara egin du salto. Sobre todo de noche bere opera primak, hain zuzen ere, Lacuesta bera du ekoizle, eta Camposek (La Termita Films), Tamara Garcíak (Atekaleun) zein Katixa de Silvak (CSC Films) ere babestu dute proiektua.

Besteak beste, Euskal Herrian errodatu dute, eta euskal profesionalek osatu dute lan-taldea, tartean, Alazne Amezoty soinu arduradunak eta Maite Arroitajauregi musikariak. Malagako Zinemaldiko MAFIZ Industria sailean, Málaga Work In Progress España ataleko Aracne Digital Cinema eta Latido Films sariak irabazi ditu, baita D’A Film LAB laborategiko Final Cut saria ere.

Frantziako eta Portugalgo ekoiztetxeen parte hartzea du, baita ICAA, Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia, TVE, EiTB zein Televisió de Catalunya-rena ere. 2023ko azaroaren 1ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

Ezagutu Giornate degli Autori sailean parte hartuko dute filmen zerrenda, jarraian.