Ondarearen Europako Jardunaldiak programaren abaroan, Zabalea eta Bengoetxeko auzotarren testigantzak filmatu dituzte Galdakaon, azken hamarkadetan biziguneek bizi izan dituzten aldaketak jaso eta hilezkortzeko asmoz. Datorren urrian proiektatuko dute emaitza, bizilagunei zabaldutako hainbat emanalditan.

Urrian zehar era guztietako jarduerak egiten dira Europan, Ondarearen Europako Jardunaldien markoan,  eta, horietan, herritarrek hainbat herri eta eskualdetako ondare eta historiarekin lotutako ondasun eta leku ugari bisitatu eta ezagutzeko aukera dute. Elkarte ofizialek, enpresek, gizarte-erakundeek, kultura- eta auzo-elkarteek eta abarrek proposa ditzakete jarduera horiek, eta baita ekimen propioak dituzten pertsonek ere. Hain zuzen ere, ondarea, historia eta memoria partekatu nahi dituen edonork aurkez dezake bere proposamena.

Bada, kasu honetan, Galdakaoko Udalarena izan da ekimena. Zabalea eta Bengoetxeko auzotarren testigantzak filmatzen ari dira Galdakaon, azken hamarkadetan auzoek bizi izan duten aldaketak hilezkortzeko: “Gure bi auzoetako pertsona nagusien testigantzak jaso nahi ditugu, iragan hori gordea gera dadin, ahaztu ez dadin”, azaldu dute arduradunek. Bide horretan, Zabalea zein Bengoetxe-La Trokako auzotarren irudiak eta ahotsak grabatzen aritu dira azken asteetan, bertan bizi eta jaio zirenen bizimoduak ezagutzea helburu.

Orduerdiko iraupena duten bi pieza dokumental izan dira lan horren emaitza. Urrian aurkeztuko dizkiote herriari, Torrezabal Kultur Etxean egingo dituzten hainbat emanaldi irekietan: Zabaleakoa urriaren 8an, 17an eta 31n proiektatuko dute eta Bengoetxekoa 10ean, 24an eta 29an.