Urtero legez, abendua eta Gabon festak gerturatu ahala, Arrigorriagako Lanbarri Kultur Elkarteko kideek nabarmentzeko aukera izango dute. Hain zuzen, aldarte eta barre-algarak ziurtatuko dituzte astebeteko zinema eskaintza berezia proposatuz: Umorea Labur Film Lehiaketaren XXII. edizioa.
Hasiak dira jada edizio berriaren prestakuntza lanetan eta, ohiko denez, filmak jasotzeko deialdia izan dute lehen urratsa. Bada, umorezko generoaren barruan kokatutako filmak galdegin dituzte parte hartzera, gai edota teknika eta konposizio aldetik inongo baldintzarik ezarri gabe. Halaber, parte-hartzaile bakoitzak nahi beste pieza aurkez ditzake.
Hogeita bost minutukoa izango da lanei onartuko zaien gehieneko iraupena, eta jatorriaren arabera sailkatuko dituzte hiru sailetan: KARKAR (euskal jatorrikoak), JAJA (estatu espainiarrekoak), HAHA (nazioartekoak). Euskara izango da lehiaketaren hizkuntza nagusia, beraz, beste hizkuntza batean errodaturik daudenek ezinbestean egon beharko dira azpititulatuta. Era berean, ingeleseko azpituludun .srt artxiboa bidali behar da ere.
Sariei dagokienean, honako kategoriak aintzatetsiko ditu epaimahaiak:
- Estatuko film labur onena: 1000€ + Txantxarria
- Nazioarteko film labur onena: 1000€ + Txantxarria
- Publikoaren saria: 600€ + Txantxarria
- Gazte saria: 600€ + Txantxarria
- Zuzendaritza onenari saria: 500€ + Txantxarria
- Aktore-lan onenari saria: 300€ + Txantxarria
Filmak online bidez aurkeztu ahalko dira deialdira, FESTHOME plataformaren bidez. Halaber, jakinarazi dute edozein zalantza argitzeko humorencorto@gmail.com posta ahalbidetu dutela.