SEMINCI – Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izango du hurrengo agertokia Negu Kolektiboak zuzendutako Negu Hurbilak filmak. Urriaren 21etik 28ra ospatuko da hitzordua, eta Punto de Encuentro sailean lehiatuko da lana.
Bartzelonako D’A Film Festival zein L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ondoren, Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu da Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea. Cineasti del Presente sailean lehiatu da, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean, eta lau emanaldi egin ditu, orotara. Epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu du bertan proiektuak.
Bada, urriaren 21etik 28ra ospatuko den SEMINCI – Valladolideko Nazioarteko Zinema Astea izango du filmak hurrengo agertokia. Hain zuzen ere, Punto de Encuentro sailean lehiatuko da lana, beren ibilbidea modu irmoan hasi duten Estatu Espainiarreko zinemagileen lanak erakutsiko dituena. Espiritu eta xede berrituekin, atala mostraren errebelazio handienetako bat izango dela aurreratu dute jaialdiaren arduradunek.
Negu Hurbilak filmari buruz
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Euskal Herriak bizi izan duen gatazka luzea amaitzear dago 2011n. Neska gazte bat ihesi doa. Helburu garbi bat dauka: muga pasatzea, bai baitaki, hala, bere jaioterritik, bere jaiotetxetik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubietara iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da. Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.
Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur izango du lanak aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osatzen dute Negu kolektiboa. Maluta* films eta Cornelius Films dira ekoizleak.
Euskal zinemaren itzala, luze
2023ko urriaren 21etik 28ra burutuko den Valladolideko Nazioarteko Zinema Asteak, euskal industriarekin lotura duten eta bere programazioan parte hartuko duten beste hainbat filmen berri ere eman du.
- Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria): Artazu bere herritik Andimendira asto batekin egindako bidea kontatuko du Alegriaren hirugarren lan luzeak. “Oinez eginiko film bat”, Super-8 formatuan filmatua.
- Sobre todo de noche (Victor Iriarte): Duero ibaiaren ertzean topatzen diren berrogeita hamar urteko bi emakumeren istorioa oinarri, hiru heriotza, bi lapurreta eta ihesaldi bat dituen genero beltzeko lana.
- Samsara (Lois Patiño): Heriotzari buruzko hausnarketa dakar proiektuak, erlijiotasun budistaren ikuspegitik. Señor y Señora (Aritz Moreno eta Leire Apellaniz) ekoiztetxe donostiarraren parte-hartzea du.