Atlàntida Mallorca Film Fest jaialdiaren abaroan, egitarau osagarriaz gozatzeko aukera eskaini dute hilabetez, Filmin plataforman. Besteak beste, Karpeta Urdinak (Ander Iriarte, 2022) eta My Way Out (Izaskun Arandia, 2022) euskal dokumentalak egongo dira ikusgai, abuztuaren 24ra arte.
Uztailaren 24tik 31ra bitartean ospatu zuten da Palman Filmin plataformak antolatutako Atlàntida Mallorca Film Fest jaialdiaren 13. edizioa. Baina urtero legez, formatu presentzialaz baino harago joan eta aurrez aurre pantailaratu zituzten hainbat lan FILMIN plataforman bertan ere ikusgai izan dira hilabetez. Horiez gain, aparteko proposamenak, zikloak eta atzera begirakoak ere eskaini dituzte, egitaraua osatzeko asmoz. Alegia, guztira, 100 film ahalbidetuko dituzte, gaika antolatuta, uztailaren 24tik abuztuaren 24ra, eta euskal ekoizpen bik tartetxoa izango dute.
Memoria Historikoa sailean, Ander Iriartek zuzendutako Karpeta Urdinak (2022) dokumentala sartu dute, March on Rome (Mark Cousins, 2022), Apaches (Romain Quirot, 2023) edota Lola (Andrew Legge, 2022) ekoizpenekin batera, besteak beste. Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.
KRITIKA: Karpeta Urdinak: Hemen torturatu da
Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.
Bestalde, LGTBI+ atalean, Izaskun Arandiaren My Way Out (2022) ikusi ahal izan da, Beautiful Beings (Guðmundur Arnar Guðmundsson, 2022), Lie With Me (Olivier Peyon, 2022) edota Vera (Tizza Covi eta Rainer Frimmel, 2022) nazioarteko lanak bezala.
Londresko The Way Out klubaren historia berrituko du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez Arandiak bere opera priman. Hala, klubeko sortzaile eta dama nagusia den Vicky Lee eta hainbat belaunalditako kideak ekarriko ditu pantailara. Sei bat urte eman ditu tolosarrak proiektua garatzen, eta 2020ko martxoan, mundu osoa astindu zuen pandemiaren ondorioz, berau itxi zutenean, dokumentala kolokan geratu zitzaion. Londresera egitekoa zuen azken bidaia bertan behera utzi, eta pelikula muntatzeari ekin zion, 70 minutuko dokumentala ondu duen arte.
KRITIKA: My Way Out: Errespetuaren habia
Gai sozialak ardatz dituzten ikus-entzunezkoen bultzatzailea da Arandia. IZAR Films ekoiztetxea 2011n sortu zuenetik, giza eskubide, feminismo eta justizia alorretan zaildu da ekoizle eta gidoilari tolosarra. Urte biziki garrantzitsua izan zuen 2020a, bat ez, zeresan handia eman zuten hiru ekoizpenetan parte hartu baitzuen: Mi pequeño gran samurai (Arantza Ibarra), Bi urte lau hilabete eta egun bat (Lander Garro) eta Non dago Mikel? (Miguel Angel Llamas, Amaia Merino).
Arestian aipatu bezala, datorren ostegunera-hilak 24- bitartean izango dira ikusgai.