Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zinemagile frantziarrari eskainitako udako zikloaren baitan, sortzaileak Tabakalera bisitatuko du asteazkenean, abuztuaren 23an.

Mia Hansen-Løve_kontatutako_zinea-zinea

Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek: Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.

Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar. Saio bakoitzean, film baten sormen prozesua izango dute hizpide, filma beraren emaitza baino.

Mia Hansen-Løve

Ekaina agurtzearekin batera, Ruth Beckermann austriar zuzendariari eskainitako atzera begirakoa ere bukatutzat eman zuen Donostiako Tabakalera zentroak, eta uztailean sartu berritan, bi hilabetez luzatuko den ziklo berriak lekukoa hartuko zuela iragarri zuten. Mia Hansen-Løve da protagonista, “zinema argitsua” egiten duen zinemagile frantziarra.

Desamodioa, engainua, gaixotasuna, heriotza edo suizidioa jorratu izan ditu bere film guztietan, “azken batean, bizitzarekin berarekin zerikusia duten egoerak, bere arazo eta gordintasun guztiekin”. Hala ere, argirantz eramango gaituzte frantziarraren lanek, nahiz eta berau non errotzen den asmatzea ez den erraza. Gidoiaren idazketan? Eszenaratzean? Aktoreen zuzendaritzan? Muntaketan?

Galderoi erantzuna eman nahian, Hansen-Løvek Donostia bisitatuko du asteazkenean, abuztuaren 23an, KONTATUTAKO ZINEA programaren baitan. Aurkezpena ingelesez izango da, aldi bereko gaztelaniarako itzulpenarekin. Saioari 19:00etan ekingo diote, Tabakalerako zinema aretoan.

Larunbatean (abuztuaren 26an), aldiz, zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren azken emanaldia egingo dute: Un beau matin (2022).