Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Sundanceko, Veneziako Mostrako eta Torontoko zinema jaialdietan lehiatu diren lanak izango dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko hautagaiak.
Donostia Zinemaldiak 71. edizioko Perlak sailean aurkeztuko diren filmen zerrenda argitu du. Ohi bezala, Cannesko jaialditik ekarritako ekoizpenak izango dira nagusi, hain zuzen ere, bertan irabazle izan den Anatomie d’une chute / Anatomy of a Fall. Anatomie d’une chute (Justine Triet) drama judiziala, eta sari nagusia eskuratu duen The Zone of Interest (Jonathan Glazer), Auschwitzen aldamenean bizi den familia alemaniar baten eguneroko bizitza erretratatzen duen lan berezia, 2023ko Perlak saila irekiko duena gainera.
Horiez gain, ia urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Hirokazu Koreeda japoniarrak Kaibutsu / Monster aurkeztuko du Donostian, Cannesen gidoi onenarekin saritu dutena. Ezaguna eta miretsia den Aki Kaurismäkiren lan berrienak ere aterpe izango du hiria. Zinema jaialdi frantziarrean Epaimahaiaren Saria bereganatu duen Kuolleet lehdet / Fallen Leaves filma erakutsiko du oraingoan. Todd Haynesen May December eta Wim Wenderes Perfect Days lanak ere egongo dira ikusgai, baita ere Warwick Thorntonen The New Boy Stéphanie Di Giustoren Rosali, Un Certain Regard sailean estreinatu direnak iragan maiatzean.
Berlinalean parte hartzetik datoz Christian Petzold alemaniarraren Roter Himmel / Afire (Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu duena), eta Celine Song hegokorearraren Past Lives opera prima. Azken honek, mundu mailako estreinaldia Sundancen izan zuen, Maite Alberdiren La memoria infinita / The Eternal Memory dokumentalak bezala. Zinemagile txiletarraren proiektuak Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen World Cinema saileko dokumentalen kategorian.
Veneziako Mostran Urrezko Lehoiaren lehian izango diren hainbat proiektu ere izango ditugu 71. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean. Ryûsuke Hamaguchi japoniarraren Aku Wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist, Nikolaj Arcel danimarkarraren Bastarden / The Promised Land, Matteo Garrone italiarraren Io Capitano / I’m Capitain, J. A. Bayona espainiarraren La sociedad de la nieve / Society of the Snow, eta Michel Franco mexikarraren Memory.
Zinemaldia ospatu bezperan, Torontoko zinema jaialdiak bereganatuko du arreta, eta bertan estreinatuko diren lanek ere izango dute tokitxoa. Craig Gillespie zinemagile australiarrak Dumb Money filma aurkeztuko du; Ladj Lyren bigarren film luzea, Bâtiment 5 / Les indésirables, aldiz, lehiazketaz kanpo emango dute, eta berau izango da Perlak saila itxiko duena hain zuzen ere.
Donostia Hiria Publikoaren Sariaren lehian diren lanek bi aitortza jaso ditzakete: film onenaren saria, ikus-entzuleen boto bidez erabakitakoa (50.000 euro), eta Europako film onenaren saria (20.000 euro). Armani Beauty Perlak saileko babesle bilakatu da.