Zinemagile berrien lehen film dokumentalak bultzatzeko egitasmoak zortzigarren edizioa izango du 2024an, FIPADOC jaialdiaren baitan. Kanaldude Telebistak bi sari banatuko ditu.
Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren baitan, Kanaldude Telebistak ‘Lehen filma eskualdean’ (Premiers films en région au Fipadoc) programan parte hartuko du. Hala Ipar Euskal Herriko komunikabide taldeak bi sari ebatziko ditu ALCA (Agence Livre, Cinéma et Audiovisuel en Novuvelle-Aquitaine) kultura-agentziak zinemaldian antolatutako pitching saioetan. Lankidetza iragartzearekin batera, Kanaldude Telebistak euskarazko ekoizpenek izena emango dutela espero du: “Aurkeztuko diren proiektuetatik ainitz euskarazkoak izanen direlakoan gira”.
Zortzigarren edizioa izango du zinemagile berrien lehen film dokumentalak bultzatzeko egitasmoak, eta 2024ko urtarrilaren 21etik 24ra bitartean gauzatuko da. Akitania Berriko unibertsitateetako dokumental-ikasleek, ALCAtik igaro diren talentu berriek eta FIPADOCeko La Ruche Documentaire programan parte hartu izan dutenek dute izena emateko aukera. Horretarako, ondoko fitxa ahalbidetu dute webgunean, interesatuek urriaren 31 baino lehen bete beharko dutena.
Dokumentalen babesleku
2024ko urtarrilaren 19tik 27ra bitartean egingo dute Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren hurrengo edizioa, eta dagoeneko filmak aurkezteko deialdia zabalik da, urriaren 13ra arte.
Zinemagile, ekoizle, merkatu agente eta zinema eskoletako ikasleek beren proiektuak aurkez ditzaketen hiru atal bereizi dituzte antolatzaileek: batetik, film luzeak eta 20 minutu baino gutxiago irauten dituzten film laburrak galdegin dituzte. Bestetik, gehienez 60 minutuko lanak ere eskatu dizkiete zinema eskoletako ikasleei, Young Talent sailean parte har dezaten. Hirugarrenik, SMART atalean telesailak jasoko dituzte.