Estibaliz Urresola laudioarraren opera prima, eta Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako lana 36. Europako Zinemaren Sarietarako hautagai diren ekoizpenen lehen zerrendan ageri dira. Kategoria bakoitzeko ekoizpen finalistak azaroaren 7an jakinaraziko dituzte.
Europako Zinemaren Akademiak datorren abenduaren 9an banatuko ditu urteroko garaikurrak. Aurten, European Film Academy Production gGmbH-ekin batera antolatuta, Berlinen egingo dute ospakizuna, eta oraindik bide luzea geratzen bada ere, 36. Europako Zinemaren Sarietarako hautagai diren ekoizpenen aurre-aukeraketa ezagutarazi dute. 17 herrialdetako 19 proiektuk osatzen dute lehen fase honetako zerrenda, eta tartean, bi zinemagile euskal herritarren lan berrienak daude: Estibaliz Urresola laudioarraren 20.000 especies de abejas opera prima, eta Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako lana.
Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen Urresolak zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako 20.000 especies de abejas filmak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen. Izan ere, Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Malagan lehiatu zen filma ostean, eta Patricia López Arnaiz taldeko emakumezko aktore onena izendatu zuen epaimahaiak. Hong Kongen, aldiz, emakumeen aktore-talde guztia nabarmendu zuten, Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdian bezala.
Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean 20.000 especies de abejas filmak, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon zen ikusgai. EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak jakitera eman zuenez, Estibaliz Urresolaren opera primak 17.000 ikus-entzule bildu zituen lehen asteburuan Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan; estreinaldirik onena izan zen.
KRITIKA: 20.000 especies de abejas: Aniztasunaren jainkoak
Bestalde, Cannesko Zinema Jaialdiko 76. edizioan aurkeztu zuen Ericek Cerrar los ojos lana, Cannes Premiere sailean. TIFF – Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 48. edizioan erakutsiko dutela jakin berri dugu, baina ez da itsasoz bestaldeko emanaldi bakarra izango. Izan ere, New York Film Festival zinemaldian parte hartzeko ere aukeratu dute, merkatu estatubatuarrerako atea izanik. Irailaren 29an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, Avalon banaketa-etxearen eskutik. Abuztuaren 16az geroztik, gainera, Ipar Euskal Herrian ikusgai dago.
Karrantzarrak Michel Gaztambiderekin batera idatzi du gidoia, eta Jose Coronado, Ana Torrent, María León zein Petra Martínez ditu aktore. Proiektuaren arduradunek sekretupean mantendu zuten Ericeren jarduna, baina 2022ko uztailean Canal Sur Andaluziako irrati-telebistak fikziozko, animaziozko eta lan-dokumentalak babesteko diru-laguntzen onuradunen berri ematean zabaldu zen bolo-bolo itzuleraren albistea. Tandem Films, Pecado Films eta Ericeren Nautilus ekoiztetxeek ondu dute proiektua.
Europako Zinemaren Akademiako 4.600 kideek datozen asteetan ekingo diote boza emateari, eta behin betiko hautagaien zerrenda azaroaren 7an jakinaraziko dute. Ondoko sariak banatuko dituzte Berlinen, abenduaren 9ko ekitaldian: Europako film onena, zuzendari onena, gizonezko aktore onena, emakumezko aktore onena, gidoi onena, dokumental onena. Horiez gain, argazki-zuzendaritza onena, muntaia onena, ekoizpen diseinu onena, jantziteria diseinu onena, makillaje eta ile-apainketa onena, jatorrizko soinu banda onena, soinu-edizio onena eta ikusizko efektu onena dituzten ekoizpenak ere aitortuko dituzte.
Ezagutu EFA 2023 sarietarako hautagai diren ekoizpenen aurre-aukeraketaren zerrenda, HEMEN.