Victor Erice zinemagile karrantzarraren itzulerako lanak merkatu estatubatuarrerako sarbidea izango du New York Film Festival zinemaldia, irailaren 29tik urriaren 15era bitartean. Gainera, irailaren 29an bertan iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, Avalon banaketa-etxearen eskutik.

NYFF61-zinea

El espíritu de la colmena (1973), eta El sur (1983) lanek eman zioten nazioartean ospea Victor Ericeri, europar zinemagintzako zinemagile garrantzitsuenen artean kokatzeraino. El sol del membrillo (1992) sortu zuen gero, eta ordutik bestelako proiektuetan murgilduta egon bada ere, bere laugarren film luzerik ez dugu ezagutu. Bada, 30 urte luze pasa dira, eta Cannesko Zinema Jaialdiko 76. edizioan aurkeztu zuen Cerrar los ojos lana, Cannes Premiere sailean.

TIFF – Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 48. edizioan erakutsiko dutela jakin berri dugu, baina ez da itsasoz bestaldeko emanaldi bakarra izango. Izan ere, New York Film Festival zinemaldian parte hartzeko ere aukeratu dute, merkatu estatubatuarrerako atea izanik. Guztira, 32 filmek osatuko dute NYFF61 ekitaldiko egitaraua, eta horiek irailaren 29tik urriaren 15era bitartean pantailaratuko dituzte, Lincoln Centerren baina baita hiriko hainbat txokotan ere.

Karrantzarrak Michel Gaztambiderekin batera idatzi du gidoia, eta Jose Coronado, Ana Torrent, María León zein Petra Martínez ditu aktore. 2012an ekingo dio istorioak, telebista programa bat zinema zuzendari beterano batekin harremanetan jarriko denean. Bukatu gabe utzi zuen bere bigarren film luzea hizketagai dutela, sortzaileari iraganeko oroitzapenek emozio-andana azaleraziko dizkiote, eta bertan aktore izan zuen lagunarekin berriz elkartzeko nahia piztuko zaio.

Proiektuaren arduradunek sekretupean mantendu zuten Ericeren jarduna, baina 2022ko uztailean Canal Sur Andaluziako irrati-telebistak fikziozko, animaziozko eta lan-dokumentalak babesteko diru-laguntzen onuradunen berri ematean zabaldu zen bolo-bolo itzuleraren albistea. Tandem Films, Pecado Films eta Ericeren Nautilus ekoiztetxeek ondu dute proiektua, eta irailaren 29an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, Avalon banaketa-etxearen eskutik.