Epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu du Negu Hurbilak filmak, 76. Locarnoko Nazioarteko Zinemaldian. Negu Kolektiboaren lanak Cineasti del Presente sailean izan du mundu mailako estreinaldia, abuztuaren 9an.

Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osatzen dute Negu Kolektiboa (Argazkia: Locarno Film Festival).
Bartzelonako D’A Film Festival zein L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ondoren, Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu da Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea. Cineasti del Presente sailean lehiatu da, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean, eta lau emanaldi egin ditu, orotara. Epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu du proiektuak.
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Euskal Herriak bizi izan duen gatazka luzea amaitzear dago 2011n. Neska gazte bat ihesi doa. Helburu garbi bat dauka: muga pasatzea, bai baitaki, hala, bere jaioterritik, bere jaiotetxetik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubietara iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da. Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.
Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur izango du lanak aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osatzen dute Negu kolektiboa. Maluta* films eta Cornelius Films dira ekoizleak.