Abuztuaren 12an abiatuko duten Aste Nagusiaren baitan, “zinemaren magia eta itsas munduaren miraria uztartzen dituen” jaialdia hartuko du Donostiako Aquariumak, abuztuaren 14tik 19ra. Saio guztiak 12:00etan egingo dituzte, sarrera doan da.
Iazko edizioak izandako arrakastak bultzatuta, egun bat gehiago iraungo du Donostiako Aquariumeko Itsas Zinemaren Jaialdiak. Sei egunez, film laburrez, luzeez eta bisita bereziez gozatzeko aukera eskainiko dute, doan. Festibalaren helburua jendeak itsasotik hurbilago dagoen esperientzia ezagutzea eta bizi ahal izatea da, horregatik, filmek itsasoa izango dute gai bezala.
Hiriko Aste Nagusiko egitarauaren barruan, hilaren 14an CIMASUB – Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren baitako lan onenak erakutsiz hasiko dute AIFF23 edizioa, Aquariumeko auditorioan. Pantailaratuko dituzten lanek, antolatzaileen esanetan, “Kantauri itsasoaren sakonera eramango gaituzte, Europako bioaniztasunean aberatsenetako batean bizi diren haurren aniztasuna aztertuz”.
Hurrengo egunean, abuztuaren 15ean, 2023ko Malagako Zinema Jaialdiko Cinema Cocina sailean film luze onenaren Gusto del Sur Saria lortu duen Itsasoak pizten gaitu (Somos mar) (2022) dokumentala eskainiko dute. Beñat Gereka Bikuña getariarrak zuzendutako euskarazko proiektuak mendeetan bere sorterriak izan duen nortasuna azaleratu nahi du.
Hilaren 16an, FICAB – Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialditik ekarritako dokumental italiar bat egongo da ikusgai, herrialdeko itsaspeko ondarearen altxorrak azaleratzen dituena: Il Patrimonio Sommerso. Un Museo sul Fondo del Mare (Eugenio Farioli Vecchioli eta Marta Saviane, 2020). Urperatutako hirien mirariak, Albenga pezioa eta itsaspeko beste aurkikuntza arkeologiko harrigarri batzuk arakatuko dituzte zinemagileek beren lanean.
Odon de Buen naturalista espainiarra omenduko duen El olvido del Mar (Mirella R. Abrisqueta, 2023) dokumentalak emango dio jarraipena festibalari, abuztuaren 17an. Espainiako ekologia eta itsas zientzien aitzindaria denaren bizitza eta haren ekarpena ezagutuko dituzte ikus-entzuleek.
Aritz Aranburu surflari getariarra izango du gidari, aldiz, La Isla de los Tigres (Igor Bellido, 2020) lanak, 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian estreinatu zenak. Hilaren 18an emango dute, eta “uretako kirol zoragarri honen inguruko filosofia eta bizimodua” izango ditu ardatz.
Azkenik, festibalari amaiera emateko, Donostiako Aquariumaren “barne sekretuak arakatzeko aukera” eskainiko dute antolatzaileek abuztuaren 19an. Laborategietatik hasi eta biologoen eguneroko bizitzaraino, esperientzia paregabe honek eszenaren atzean gertatzen denaren ikuspegi esklusiboa eskainiko dute.