Lola Arias, Camila Beltrán, Iair Said, Maximiliano Schonfeld, Camilo Becerra eta Sofía Paloma Gómez, eta Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos zinemagileen sei filmak  aurkeztuko dira 71. Donostia Zinemaldiaren Industriako jardueren esparruan ospatuko den WIP Latam topaketan. Irailaren 25etik 27ra egingo dute hitzordua.

Latinoamerikako zinemarekin duen konpromisoa berresteko, bertako sortzaileen lanak garatzeko eta bukaeraraino eramateko laguntza eskaintzen duen WIP Latam topaketa antolatzen du Donostia Zinemaldiak industriari eskainitako programazioaren baitan. 60 minutu baino gehiagoko iraupena duten eta Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek (nagusiki) ekoizten dituzten proiektuei zuzenduta dago.

Hautespen batzordearen galbahea pasatzen duten sei film aurkezten dira bertan, eta WIP Latam Industriaren Saria irabazteko lehiatzen dira, Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films enpresen eskutik: saria aurkeztutako filmetako baten postprodukzioa (ingelesezko azpitituluak dituen DCP batera arte) eta Espainian barrena banatzea da

Gainera, WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria irabazteko aukera ere dute, zeinak 30.000 euro gordin banatzen dizkion film irabazlearen ekoizle nagusiari, EGEDA Ikus-entzunezko Produktoreentzako Zerbitzuen Sozietatearen babesarekin.

2023ko edizioan

Reas (Lola Arias); Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe it’s True What They Say About Us (Camilo Becerra eta Sofia Paloma Gomez); Mi bestia (Camila Beltran); Selva / Jungle (Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos García); Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays (Iair Said) eta Sombra Grande / Big Shadow (Maximiliano Schonfeld) dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan profesionalen entzunaldi batean aurkeztuko diren sei film luze latinoamerikarrak. Sei ekoizpenak Argentina, Txile eta Kolonbiatik datoz eta horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Ezagutu bakoitzaren xehetasunak, hemen.