Zinema egiteko prozesuaren formakuntza- eta kreatibitate-espazioa bilakatu nahi duen laborategian parte hartuko du zinemagile legazpiarrak urriaren 16tik 20ra bitartean, Mexikoko DocsMX jaialdiaren baitako DocsLab topaketetan.

Oskar Tejedor-Plataforma lb-zinea

Ez fikziozko zinema goratzeko asmoz sortutako DocsMX jaialdi mexikarraren 2023ko edizioa urriaren 12tik 21era bitartean egingo dute, eta bertako DocsLab topaketetan egingo duten Plataforma lb laborategian parte hartuko du Oskar Tejedorrek, esku artean duen proiektu berriarekin: Asunto inconcluso. Film luze dokumentalak herrialde ustel batean errepresio politikoaren biktima izan ziren eta ostrazismoari, zozokeriari eta ahanzturari aurre egiten dieten familia mexikar ugarietako baten istorioa kontatuko du; heriotzatik ihes egitea lortu zuten eta oraindik entzun ez diren ahotsak dira.

Mexikoko zinema areto, kale eta plazetan egingo dute zinema jaialdia, eta errealizadore legazpiarra hilaren 16tik 20ra arte egongo da laborategian. Zinema egiteko formakuntza- eta kreatibitate-espazioa bilakatu nahi du ekimenak: networking prozesu indibidual eta kolektiboa da, garapen fase aurreratuan dauden dokumental proiektuak nazioartean hedatzeko helburua duena.

BINAHI 2006 ekoiztetxeak babestutako filma da Asunto inconcluso, Tejedorrek berak idatzi eta zuzendu duena. Axel Muñoz izango da argazki-zuzendaria, eta Xanti Salvador arduratuko da soinu edizioaz.