Dokumental baten proiektua lantzen ari diren eta harentzako europar koprodukzioa bilatu nahi duten ekoizle independenteei zuzendutako egitasmoa dena irailaren 25etik 27ra bitartean ospatuko da, 71. Donostia Zinemaldiko industria jardueren baitan.
IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, Lau Haizetara – Dokumentalen Koprodukzio Foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza. Hiru atal nagusi ditu: Lantegiak, pitching saioak eta banakako bilerak.
2023an hemeretzigarren edizioa izango du ekimenak, eta 100 proiektu aurkeztu dira deialdira. Horien artean, hautaketa-batzordeak hamabost aukeratu ditu, Euskal Herriko hiru. Guztiak ere autore-dokumentalak direla zehaztu dute, gizarte-gaiak jorratzen dituztenak eta nazioarteko agerikotasuna dutenak. Gainera, IBAIA – ELKARGI saria irabazteko hautagaiak izango dira, 5.000 euroan balioetsitakoa.
Jarraian dituzue aukeratutako proiektuak:
- Animal (Kanaki Films S.L.) | Euskal Herria – Frantzia
- Black Water (En Buen Sitio Producciones) | Euskal Herria
- Calle de los ángeles (Limbus Filmak – Silvia Rey – Anexo 82) | Euskal Herria – Portugal
- December (Telemark – Just a momento) | Polonia – Lituania
- If I Die (Esther Vita) | Espainia – Brasil
- La Pietà (SUICAfilms – AXfilms – Studio Nominum) | Espainia – Islandia – Lituania
- Les Culpables (Boogaloo Films – Guspira Films) | Espainia
- Primavera à Mirafiori (Labins SC – con men Filmproduktion) | Italia – Alemania
- Pulso (Revoada Produçoes) | Italia – Alemania
- Que no prevalezca el silencio (Films Camera Oscura) | Kanada
- Rapa (Rapa a película AIE) | Espainia
- Singin Wings (Barnabe Productions – Eli Image – Les ouvriers de l’image) | Espainia – Iran- Frantzia
- Yo terratenient (Tourmalet Films – AH! Cine) | Espainia – Argentina
Horiez gain, FIPADOC eta DOCBERCELONA zinemaldiekin hitzartutako lankidetza-akordioari esker, bi jaialdietako foroetan parte hartu duten proiektu bana gonbidatuko dituzte ere: Hori, Learn To Live After Daes ekoizpen frantziarra (Galaxie Presse France-Chabaka Unlimited) eta Past future continuous (Antipode Films – FiFi Film – ZaLab), Norvegia, Iran eta Italiaren arteko koprodukzioa dena.
Egitaraua
Tailerrak prestakuntza-jarduerak dira, eta foroaren aurreko bi egunetan egiten dira. Ekoizleei aukera eskaintzen diete proiektuak aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko; proiektu horietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna egokiak eskainiko dituzte aditu horiek.
Pitching saioa, aldiz, irailaren 27an egingo da, 9:30etik 14:00etara, Kursaal Jauregian. Bertan produktoreek beren proiektuak azalduko dituzte Commissioning Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean. Saio horietan, gaian aditua den moderatzaile bat izango da, eta aldibereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da. Proiektuak gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu ahal izango dira, bakoitza 7 minutuan (teaserra barne).
Halaber, egun berean, Comissioning Editoreen eta aurkeztutako proiektuen ordezkarien arteko one-to-one bileren agenda batekin osatuko da programa, betiere sor daitezkeen lankidetza-akordioak zehazteko helburuarekin. Hitzordu hauek Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan gauzatuko dira, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.