Alemania, Espainia, Hungaria eta Turkiako bost ekoizpenek parte hartuko dute egitasmoan. Aurtengo saioak irailaren 25ean, 26an eta 27an egingo dituzte, industria saileko beste jarduerekin batera.

WIP Europa 2023-zinea

Donostia Zinemaldiak zinema industriari eskainitako jardunaldiak hartuko ditu 71. edizioaren baitan. Hiru egun iraungo dute, eta atondutako ekimenen artean, Europako ekoizpenak sustatzeko eta postprodukzio fasean dauden filmak amaitzen laguntzeko Work In Progress sailak gauzatuko dituzte. Bada, 2023ko WIP Europa atala osatuko duten bost proiektuen berri eman du Zinemaldiak, hautatutako zinemagileen lehen edota bigarren filmak izango direnak. Alemania, Espainia, Hungaria eta Turkiako ekoizpenek osatzen dute zerrenda:

  • Mannequins (behin-behineko izena)

Michael Fetter Nathansky zuzendari alemaniarraren bigarren lana da. Europako meatze-eskualde handienetako batean maitemintzearen magiari eta maitasuna galtzearen prozesu mingarriari buruzko drama erromantiko bat aurkeztuko du.

  • Sima’s Song

Emakumeen eskubideen aldeko aktibismoagatik nabarmendu izan den Roya Sadat zinemagile afganiarraren bigarren film luzea herrialdeko Gerra Zibila hasi aurretiko testuinguruan dago girotuta. Kontrako iritzi politikoak dituzten bi lagun intimoen arteko liskarra kontatuko du Espainiako, Herbehereetako eta Frantziako ekoiztetxeen arteko koprodukzioa denak.

  • Rock Bottom

María Trénor errealizadore valentziarraren opera primak ekoizpen poloniarra izango du ere. Robert Wyatten bizitzan eta musikan inspiratutako animazioa da. 2023ko Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenean aurkeztu zen, baita aurtengo Marché du Film merkatuko Animation Day jaialdiko Annecy Animation Showcase delakoan ere.

  • Sündvadászat / A Hunt for Hedgehogs

Mihály Schwechtje zinemagile eta antzerkigile hungariarraren lan berriena Donostian izango da. Noizean behin lehengusu baten seme-alabak zaintzen dituen kantu-ikasle bati buruzko lana ontzen ari da.

  • Suyun Yüzü / On the Water Surface

Jaiotzez turkiarra den Zeynep Köprülük ere bere lehen film luzerako proiektua ekarriko du. Bertan, protagonistak jaioterrira bidaiatuko du bere amaren bigarren ezkontza ospatzeko; honek barne-bidaia ere ekarriko du beretzat.

Sariei dagokienez, WIP Europa Industria Saria irabazten duen proiektuak filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa izateko aukera izango du.  Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs., Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No Problem Sonido enpresek babestutako saria da. Bestalde, WIP Europa garaikurrak, 10.000 euro emango dizkio proiektu irabazlearen ekoizle nagusiari.