Donostia Zinemaldiak Klasikoak sailean hartuko du Raúl Ruiz zinemagile txiletarraren El realismo socialista / Socialist Realism (1973-2023) film amaitu gabearen mundu-estreinaldia. Datozen egunetan iragarriko ditu jaialdiak sailak hartuko dituen gainerako klasiko zaharberrituak.
Valeria Sarmiento zinemagileak –Ruizen alargun eta ohiko lankideak– berreskuratu eta berregin du lana. Langile-mundua eta lumpena burgesia intelektual txikiaren munduarekin lotzen dira film honetan; orain dela 50 urte Txilen izandako kolpe zibiko militarraren aurretik Salvador Allende presidenteak gauzatutako prozesuaren –Unidad Popular delakoaren– interpretazio satiriko gisa pentsatu zuen egileak obra.
Era berean, El realismo socialista POETASTROSen ekoizpena da; zinema-ekoiztetxe horren buruak Chamila Rodríguez aktore eta zuzendaria eta Galut Alarcón muntatzaile eta zuzendaria dira, eta zuzendari txiletar ospetsuaren hil osteko beste bi lan berreskuratu eta amaitzeko ardura ere izan zuten: La telenovela errante (2017) -Locarnoko zinemaldiaren 70. edizioan estreinatua- eta El tango del viudo y su espejo deformante (2020) -Berlinaleren 70. edizioko Forum sailean aurkezturikoa-.
Raul Ruizek (Puerto Montt, Txile. 1941-Paris, Frantzia. 2011) –Txileko zinemaren izen historikoetako batek– aintzatespen ugari jaso zituen bere ibilbide luzean. Adibidez, Tres tristes tigres (1969) filmarekin urrezko Lehoinabarra beretu zuen Locarnoko zinema-jaialdian, eta Genealogies d’un crime (1997) filmari esker, berriz, Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalean. Ruizen beste lan nabarmengarri batzuk Donostiako Sail Ofizialean aurkeztutako bi dira: Fado, majeur et mineur / Fado, Major and Minor (1994) eta Mistérios de Lisboa / Mysteries of Lisbon (2010, Zilarrezko Maskorra zuzendaritza onenari).
Valeria Sarmientori (Valparaiso, Txile. 1948) dagokionean, aldiz, Raul Ruizekin aritu zen lankidetzan film ugariren muntatzaile gisa, eta hogeita hamar bat film luze eta dokumental zuzendu ditu. Bere lehen lanarekin –Notre mariage (Mi boda contigo, 1984) izenekoarekin– Errealizadore Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi zuen Donostia Zinemaldian; geroago ere izan zen Zinemaldian, zehazki, As Linhas de Torres / Lines of Wellington (Zabaltegi-Bereziak, 2012) eta Le cahier noir / The Black Book (Sail Ofiziala, 2018).
Klasikoak
Donostia Zinemaldiak zabaldu duen oharrean azaldutakoaren arabera, datozen egunetan jakinaraziko dituuzte Klasikoak –zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak, bertsio zaharberrituetan proiektatuak, biltzen dituen saila– osatuko duten gainerako filmen izenak.