Uda garaian atseden hartu ostean, zineklub donostiarrak lau filmeko egitaraua aurkeztu du: Berdreymi (Beautiful Beings. Guðmundur Arnar Guðmundsson, 2022), Under the Fig Trees (Erige Sehiri, 2022), Medusa Deluxe (Thomas Hardiman, 2022) eta Flandersui (Barking Dogs Never Bite. Bong Joon-ho, 2000).

Kresala zinekluba abuztua-iraila-zinea

Abuztuaren 29an emango dio hasiera Donostiako Kresala Zineklubak ikasturteari. 72. Berlinale Zinemaldiko Panorama sailean lehiatu zen Berdreymi (Beautiful Beings) film islandiarra pantailaratuko dute, ohi bezala, hiriko Trueba zinema aretoan, 19:30ean hasita. Valladolideko Seminci jaialdian gazteriaren saria irabazi zuen lanak iaz, eta berriki Atlántida Film Fest-en ere izan da ikusgai, FILMIN plataforman.

Haurtzaroko zaurgarritasunari buruzko lana da Guðmundur Arnar Guðmundssonek zuzendutakoa, errealismo magikoaren eta zinema sozialaren artean kokatutakoa. Bere ama aztia duen Addi da protagonista: lagunen jazarpena pairatuko duen moldatu gabeko gazte bat hartuko dute etxean. Zoriaren esku, lagun-taldea indarkeria kaletarraren espiralean murgilduko da, baina maitasuna eta leialtasuna zer diren ezagutuko dute ere. Addi irudipen onirikoak izaten hasiko da.

Dagoeneko irailean sartuta, Under the Fig Trees (Erige Sehiri) ekarriko du zineklubak Truebara, hilaren 5ean. Iaz, Cannesko Zinemaldiako Quinzaine des cinéastes sailean parte hartu zuen: Tunisiako Ipar-Mendebaldean, Sana, Fidé, Melek eta Abdou pikuak biltzen ari dira. Zuhaitzen testigantzapean, sentimendu berriak garatzen dituzte, eztabaidatzen dute, topo egiten dute eta ihes egiten dute, jolasean aritzen dira eta elkar ulertzen saiatzen dira.

Aldiz, irailaren 12an, Medusa Deluxe (Thomas Hardiman) egongo da ikusgai, 2022ko Sitgesko Zinema Jaialdian lehiatu zena. Ile-apainketa lehiaketa batean hilketa misteriotsu bat gertatuko da. Partaide baten heriotzak zur eta lur utziko ditu gehiegikeriak eta obsesioak talka egiten duten komunitatea.

Azkenik, Bon Joon-ho zinemagile hegokorearraren opera prima berreskuratuko dute Kresalako kideek. Irailaren 19an, Flandersui (Barking Dogs Never Bite) proiektatuko dute, irakasle izateko hautagai gazte baten istorioa kontatzen duena: eroskeria bat egin nahi duen bitartean, bere eraikin multzo berean bizi den eta eguna zaunka pasatzen duen txakur gogaikarri bat kentzen saiatuko da. Etsita, erabaki zorrotza hartuko du, eta horrek ondorioak ekarriko dizkie bai berari eta bai bere inguruko batzuei.