Euskal zinemaren oinarriak errotzeko asmoz, Antxon Ezeizak eta Luis Iriondok ‘Ikuska’ dokumental sorta ondu zuten 1979 eta 1984 urteen artean. Ezeizak berak zuzendutako Erreferenduma kontsideratu izan da lehen obra, baina behin betiko sailetik kanpo geratu zen.

15 zuzendarik (amateurrak eta profesionalak) hartu zuten parte 20 film laburrek osatutako bilduman. Gizarte eta kultur gaiak jorratu zituzten sortzaileek beren lanetan, denak ere, teknikoki eta estetikoki pareko zirelarik.

35 milimetrotan filmatu zituzten film laburrak, baina arazoak izan zituzten banaketa egiterakoan, areto komertzialek bakarrik baitzituzten beharrezko proiektoreak. ZINEAn ‘Ikuska’ dokumental saila berreskuratu nahi izan dugu, BEGIRADAK atalaren bigarren hizketagaian.