Aire libreko zinema saioei hilaren 12an berrekingo diote Gasteizen. Udako kultur egitarauaren baitan, larunbatero film bana pantailaratuko dute Gasteizko parkeetan, 21:00etan. Uztailean gertatu bezala, emanaldietarako sarrerak doan izango dira, edukiera bete arte.
Andre Maria Zuriaren jaien hasierarekin eztanda egingo du gaur festak, Gasteizen. Ondorioz, Zinema Airean zikloak atseden hartuko du. Halere, hilaren 12an berrartuko dute zinema eskaintza, Armentiako Kanpeetan proiektatuko duten Alex de la Iglesia bilbotarraren El día de la bestia (1995) filmarekin.
Euskal apaiz batek, kabalaren bidez, Apokalipsiaren mezu sekretua aurkitu duela uste du. Mezuak Antikristo 1995eko abenduaren 25ean Madrilen jaioko dela azaltzen du. Satanen jaiotza trabatu behar duela sinestaraziz, apaizak death metal gogokoa duen gazte batekin batera, Jose Maria, gertakariaren lekua Madrilen bilatzen du. Gaiztoarekin harremanetan jartzea zaila denez, Jose Mariak telebista-aurkezle famatu bati, Cavan, laguntza eskatzea proposatzen du. Madrilgo kaleetan bere bilakaeran, talde ultraeskuindar bat eta beste jende asko topatzen dituzte, aurkezleak lekua topatu arte.
Hurrengo larunbatean, abuztuaren 19an, The Bad Guys (Pierre Perifel, 2022) animaziozko lana egongo da ikusgai, Bastida plazan: Bost gaizkile ospetsuren istorioa kontatuko du, orain arteko erronkarik handienari aurre egin behar dioten unean: formei eutsi eta deliturik ez egitea.
Aaron Blabeyren liburu ilustratu homonimoetan oinarritutako egokitzapena da, DreamWorks animazioaren erraldoiaren eskutik.
Hilaren 25erako, iraganera bidaia proposatuko dute, edota etorkizunera agian? Katedraleko plazan, Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985) klasiko estatubatuarra berreskuratzeko aukera egongo da.
Marty McFly nerabea eta denek erotzat duten Doc zientzialaria adiskideak dira. Docek denboran barna bidaiatzeko makina sortu eta martxan jarri du, ezusteko akats batek Marty 1955an ipiniko du, hain zuzen ere, bere gurasoak izango direnak elkar ezagutu zuten urtea. Heuren lehen topaketa ezeztarazi ostean, McFlyek bere gurasoak izango direnak elkar ezagutu eta ezkon daitezen lortu beharko du, bestelakoan bere jaiotza eta izatea bera ere ezinezkoa izango baita.
Azken urteotan, Espainiar lurraldean udako film arrakastatsuena bilakatu den Padre no hay más que uno sagaren hirugarren atalak (2022an estreinatutakoak) emango dio jarraipena zikloari. Santiago Segurak zuzendutako komedia Katedraleko plazan emango dute.
Gabonak hurbiltzen ari dira. Haurrek aitaren jaiotza-bildumako irudi txiki bat apurtuko dute ustekabean, eta hura jabetu baino lehen ordezkatu beharko dute. Arazoa da pieza bakarra dela antikuarioan. Bestalde, Sarak, alaba zaharrenak, bere mutil-lagunarekin zuen harremana eten du, eta mutila bere arreta berreskuratzen saiatuko da aitaginarreba Javierren laguntzarekin. Aldi berean, Javierren aitaginarreba, Marisaren aita, familiaren etxean hartuko dute jaiak igaro bitartean, eta horrek ez du axolagabe utziko Javierren ama, Milagros. Amaitzeko, Rocio alaba gaztea, duela zenbait urteetatik Ama Birjinaren papera bete duena, artzaintzarena egitera behartuko dute eskolako jaiotza bizidunean. Javierrek ez du aldaketa inola ere ez onartuko.
Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 2023ko edizioaren baitako Korterraza Txiki saileko filmak pantailaratuko dituzte abuztuaren 31n, Zumaia plazan (Lakua). Gainera, ipuin kontalaria ere bertaratuko da.
Azkenik, eta dagoeneko, irailean, Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski, 2022) abenturazko filmak agurtuko du aire libreko zinema zikloa, Katedraleko plazan.
30 urte baino gehiagoz Armadako hegazkinlaririk onenetako bat izan ondoren, Pete “Mavericks” Mitchel (Tom Cruise) protagonistak beti amestu duen tokian dago orain: probak egiteko pilotu ausarta da, abiaduraren mugak lehertzeko askatasun osoa du eta posizio horri esker maisuki ekiditen du lehorreko lana egitera behartuko lukeen lanpostu igoera balizko bat.
Top Guneko graduatu talde bat misio espezializatu baterako entrenatzen ari denean, Maverickek Bradley Bradshaw tenientearekin (Miles Teller) egingo du topo, bere lagun “Goose” zenaren semearekin…