Jaione Camborda zinemagile donostiarraren bigarren film luzea Platform sailean lehiatuko da, irailaren 7tik 17ra bitartean. Besteak beste, Ikusmira Berriak programan garatu du sortzaileak bere proiektua, galizieraz eta portugesez errodatutakoa.
Irailaren 22tik 30era bitartean egingo den 71. Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia bada ere, Jaione Cambordaren O Corno lanak TIFF – Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 48. edizioan izango du mundu mailako estreinaldia. Ostean, urriaren 11n, iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Galizieraz eta portugesez errodatuta, lurraldeko landa eremuan girotu du zinemagile donostiarrak bere bigarren film luzea, 1970eko hamarkada hasieran. Erditzeetan laguntzen aritzen den Maria du protagonista, gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko duena.
O Corno filma The Rye Horn izenpean estreinatuko da Platform atalean, beste bederatzi lanekin batera. Izaera artistiko indartsua duten filmak batu ohi dira bertan, eta 20.000 dolareko saria jasoko du irabazleak. Barry Jenkins, Nadine Labaki eta Antonio Cuña zinemagileek osatuko dute epaimahaia.
Arima (2020) film luzearekin debuta egin ostean, Donostian jaiotako zinemagileak berriz aurkeztuko du Galizian testuinguratutako istorio bat. Carla Rivas, Siobhan Fernándes eta Diego Anido ditu aktore. Esnatu Zinema, Miramemira eta Elastica Films ekoiztetxeen arteko koprodukzioa da O Corno, eta hainbat programa zein laborategitan parte hartuz garatu du. Besteak beste, Ikusmira Berriak, Torontoko Filmmaker Lab edota Madrilgo ECAM eskolako Incubadora programan. ICAAren parte hartzea du proiektuak.
TIFF jaialdia irailaren 7tik 17ra bitartean egingo da, Donostia Zinemaldiaren bezperan, eta abuztuaren 15ean jakinaraziko du zinemaldi kanadarrak 2023ko edizioko egitarau osatua. Halere, dagoeneko ezagutarazi ditu hainbat sailetan lehiatuko diren filmak.
The World Premiere of @JaioneCC’s THE RYE HORN is coming to #TIFF23.
Camborda’s rewarding sophomore effort, set in the countryside of Galicia, follows a woman on the run reinventing herself and grappling with questions of motherhood and identity. https://t.co/wylGNHXe1C pic.twitter.com/YO5vXnzBip
— TIFF (@TIFF_NET) August 2, 2023