Isabel Herguera zuzendari eta artista bisual donostiarraren animaziozko lan feminista 71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu ostean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa opera primak. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den lehen animaziozko film europarra izango da, Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia. Ostean, azaroaren 17an, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko da.
Zinemagile eta artista bisual donostiarrak hainbat teknika erabiliz sortu du lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste, eta bost hizkuntza (euskara, espainiera, italiera eta Indiako hainbat hizkera) entzungo ditugu filmak uztartuko dituen hiru istorioetan zehar.
Lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak dira: Miren Arrieta eta Mireia Gabilondo aktoreak; Mary Beard historialaria, Paul B. Preciado filosofoa edota Maurizio Faraoni. Soinu banda, Tajdar Junaid musikariak konposatu du, Moushumi Bhowmick poeta bengaliarrarekin batera.
Hossainen Indian zehar bidaia
Ines protagonista amets egiteko gai ez den gazte donostiar bat da. Ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko du, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inések Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.
Herguerak azaldu duenez, filma eraikitzeko bildutako informazioarekin Hossaininen Indian zehar ibilbidea marraztu du: “Autorea inguratu zuten Bengalako landa-eremuetako kolore, usain eta soinuez blaitu naiz. Bere etxea bisitatu nuen, bere hilobia, eta Kalkutan eraiki zituen eskolak. Honi esker, murgilduta zegoen giroa eta gizarte patriarkalari aurre egiteko behar izan zuen kuraia ulertu ahal izan nuen”.
Ikus-entzunezko egokitzapena Euskal Herriaren (Sultana Films. Donostia; Uniko. Bilbo), Espainiako lurraldearen (El Gatoverde Producciones. Madril; Abano Producións. Coruña;) eta Alemaniaren (Fabian & Fred. Hamburgo) arteko koprodukzioa da, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Madrilgo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, RTVEren, EiTBren, Movistar+en, ARTE ZDFren, Filminen, Tabakaleraren, MOIN Film Fund Hamburg, Media Europa Creativa eta NextgenerationEU parte hartzea dauka. Filminek banatuko du.