Argentinan, Txilen, Mexikon eta Brasilen girotutako hamabi istorio izango dira 71. Donostia Zinemaldiko Horizontes Saria eskuratzeko lehian. Hego Euskal Herrian eta Espainiako lurraldean inoiz erakutsi gabeko ekoizpen latinoamerikarren aukeraketan parte hartuko duten zinemagileek 35.000 euroko saria irabaz dezakete, eta horietako batzuk, gainera, Gazteriaren TCM sarirako hautagaiak ere izango dira.
Paula Hernández zinemagile argentinarraren El viento que arrasa / A Ravaging Wind filmak irekiko du 2023ko saila, eta Carolina Markowicz brasildarraren Pedágio / Toll lanak itxiko du. Lehena, izen bereko eleberriaren egokitzapena da, predikari bati eta bere alabari buruzko istorioa kontatuko duena; misio ebanjelizatzaile berri baten erdian auto matxura bat izango dute protagonistek. Bigarrenean, aldiz, bere semea homosexuala delako atsekabetuta bizi den errepideko ordainleku bateko langilea izango da protagonista; edozer egingo luke haren kondizioa aldatzeko.
Argentinatik datoz Maria Zanettiren eta Dolores Fonziren opera primak ere. Alemania aurkeztuko du batak, 2021eko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan ArteKino International Award saria irabazi zuena. Besteak, semearekin harreman berezia duen ama gazte baten istorioa kontatuko du Blondi-n, bera propio amaren azalean jarrita. Halaber, herrikideak diren Camila Fabbrik eta Martín Benchimolek Clara se pierde en el bosque / Clara Gets Lost in the Woods eta El castillo / The Castle aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren. Azken honek, WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria lortu zituen iaz. Buenos Airesen jaiotako Lucía Puenzok Los impactados bere bosgarren film luzean ekaitz batean, tximistak jo ondoren aldaketa fisiko eta psikikoak jasango dituen emakume baten istorioa kontatuko du.
Horizontes Saria irabazitakoa da Tatiana Huezo El Salvadorreko zinemagilea, eta lorpena errepikatzeko asmotan etorriko da aurten Donostiara. El Eco / The Echo dokumentala aurkeztuko du, Mexiko iparraldeko herri urrun bateko bizitza jasotzen duena. Encounters saileko zuzendaritza onenaren saria jaso du Berlinalean, besteak beste. Atal lehiakorreko epaimahai izan zen duela bi urte Lila Avilés, eta oraingoan Tótem / Totem aurkeztuko du bertan. Guto Parente brasiladarra ere berriz itzuliko da hirira WIP Latam sailean Projeto Paradiso Lehen Saria irabazi duen Estranho caminho / A Strange Path filmarekin. Pandemiaren ondorioz bere aitarekin berriro konektatzen den zinemagile bati buruzkoa ondu du, eta Tribecako zinema-jaialdiko nazioarteko lehiaketan lau sari irabazi zituen.
Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu ostean, David Zonana txiletarraren Heroico / Heroic Horitonztes Latinos atalean erakutsiko dute. Gerraren aurkako alegatua dena, Sundancen eta Berlinaleko Panorama sailean izan da aurretik. Azkenik, Felipe Gálvez herrikideak, bere aldetik, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean parte hartu zuen film bat erakutsiko du, western generotik hurbil dagoena: Los colonos / The Settlers.