Gaur, abuztuak 2, abiatuko dute Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 76. edizioa, eta hilaren 12ra bitartean luzatuko da. Hitzorduak iraun bitartean, bi euskal proiektu erakutsiko dituzte: Negu Kolektiboaren fikziozko lana Cineasti del Presente sailean lehiatuko da; Irati Gorostidiren lehen film luzea izango denak Locarno Residency topaketetan parte hartuko du.
Bartzelonako D’A Film Festival zein L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ondoren, Negu Kolektiboaren Negu Hurbilak lehen fikziozko film luzeak Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdian (Suitza) izango du mundu mailako estreinaldia. Abuztuaren 2tik 12ra bitartean gauzatuko dute 76. edizioa, eta Cineasti del Presente sailean lehiatuko da, nazioarteko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean. Abuztuaren 9an izango du aurreneko emanaldia.
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat -Jone Laspiur, filmeko aktore profesional bakarra dena- ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzia; Albite bera eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin.
Locarno Residency topaketak
Gainera, zinemagile hasiberrien lehen film luzeak garatzeko laguntza eskaintzen duen Locarno Residency topaketetan parte hartuko du Irati Gorostidik Anekumen proiektuarekin. Ekimenaren lehenengo fasean, bere kontzeptu zinematografikoez hitz egin ahal izango du zinema industriako hiru pertsona ospetsuk osatutako epaimahai batekin, eta, ondoren, batzordeak, aurkeztutakoen artean, hiru proiektu aukeratuko ditu: nazioarteko bi eta suitzar bat. Bigarren fasea abenduan hasiko lukete.
2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra oinarri, Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da: Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusioak jota, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.
Apellaniz & De Sosa ekoiztetxearen babesa du atzetik, eta dagoeneko ibilbide luzea egin du nazioarteko hainbat merkatutan. Azpimarratzekoa da, besteak beste, 2022an Donostia Zinemaldiaren esparruan garatzen den Ikusmira Berriak programan parte hartu zuela; 2023an, aldiz, Indie Lisboako ‘Co-production Forum’ ekimenean hautatu dute, eta berriki FIDLaben Culori Award saria jaso du.