Txintxua Films ekoiztetxeak jakinarazi duenez, Asier Altunaren film luzea jatorrizko bertsioan ikus daiteke igandeaz geroztik streaming plataforman.

Amama filma-zinea

Baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, gurasoen eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bederen, bizitza bizitzari aurre egiteko modu ezberdinak, elkarren aurka. Bi mundu horien artean gatazkan dagoen familia baten istorioa jasotzen du Amama filmak, eder bezain maisu: “Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama”.

Asier Altuna zinemagile bergararrak 2015eko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen filma, eta Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zuen. Baita EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak banatutako II. EZAE Saria ere. Geroztik, nazioarteko dozenaka jaialditan hartu du parte euskal tradizioaren eta modernitatearen arteko haustura irudikatzen duen dramak, eta beste hainbat sari ere eskuratu ditu. Kandido Uranga, Iraia Elias, Ander Lipus eta Klara Badiola aktoreak ditu protagonista.

Berriki, euskal kulturaren aniztasuna eta ikusgarritasuna bermatzeko asmoz EKEk garatutako Ibilki dispositiboaren baitan egon da Altunaren filma Urruñan ikusgai. Gainera, Polonia Txikiko voivoderrian kokatutako Myślenice hirian ospatu duten  ETNOkino Zinema Jaialdiaren lehenengo edizioan ere erakutsi dute Txintxua Films ekoiztetxearen proiektua. Orain aldiz, sare sozialetan jakinarazi dutenez, Netflix streaming plataforman jarri dute ikusgai, euskarazko jatorrizko bertsioan.