Marian Davies diseinatzaileak sortu du 2023ko edizioko kartela. Pintura akrilikoan margotuta, aurtengo gai nagusiarekin bat eginez, krisi klimatikoan jarri du arreta.

Afrikaldia 2023-zinea

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia, Hego Euskal Herriko zinema afrikarraren zinemaldi bakarra, urriaren 2tik 7ra bitartean ospatuko dute, Gasteizen. Hala aurreratu zuten atzo arduradunek hirugarrene edizioko kartelaren aurkezpenean, Posta kaleko Fotoprix dendan. Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin antolatutako ekimena da.

Afrikar kontinentean, baina baita diasporan ere, egindako zinema onena bilduko du Afrikaldiak aurten ere, fikziozko dozena bat film luze  eta dokumental Florida zinemetan proiektatuz. Gainera, EHUko Arabako Kanpusean, zinemagileek, aktoreek, sektoreko profesionalek eta ikasleek “berotze globalaren mehatxuei buruz hausnartzeko” tartea ere izango dute.

Izan ere, krisi klimatikoa eta klima aldaketa dira hirugarren edizioko ardatzak, eta gaia abiapuntu hartuz, Ekuatore Ginean jaiotako Marian Davies Rosario diseinatzaileak kartel ofiziala sortu du. Azaldu duenez, “kartela obra piktoriko batetik abiatzen da, akrilikoz eta karga-materiaz egina, bolumenak emateko eta sentsazioak transmititzeko gai diren testurak sortzeko“. Afrikako kontinentea krisi klimatikoaren irtenbide gisa jarriz, zera gaineratu du: “Afrikan dago jatorria eta kontinente honetara jo behar dugu konponbideak aurkitzeko“. Siseinatzailearen obra ikusgai jarriko dute hiriko hainbat txokotan.

Agerraldian azaldu dutenez, “NBEren meteorologia agentziaren azken ikerketaren arabera, Afrikak berotegi-efektuko gasen munduko isurketen % 2 eta % 3 artean baino ez du isurtzen, baina ondorioak handiagoak dira”. Lehorteek, uholdeek eta estres hidrikoak herritarren osasuna eta segurtasuna eta garapen sozioekonomikoa aztoratzen ari direla ohartarazi dute ere.