Sunny Side of the Doc azokan izan da sortzaile iruindarra bere proiektu berriarekin. Istorioen kontaketen garrantzian jarriko du azpimarra, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Noam Chomsky, Nancy Fraser, Malika Mokeddem edota Pepe Mujica bidelagun dituela.

Inaki-Alforja

Argazkia: Navarra Film Industry

Garapen bidean dagoen proiektu berri bat du eskua artean Iñaki Alforja zinemagile nafarrak: Hitza. Arroxelan (Frantzia) egin ohi den Sunny Side of the Doc dokumentalen azokan parte hartu zuen iragan ekaina amaieran, eta bertan, Navarra Film Industry-ri argitu zizkion lehen xehetasunak. Emozioak abiapuntu –“Beldurra, esperantza, desira, ilusioa, eta batez ere, errealitatea eraldatzeko beharrizana”-, istorioen kontaketen garrantzian jarriko du azpimarra.

Road movie bat izango dela aurreratu du: “Benetako baina baita irudimenezko bidaia bat ere, mundu justu baten alde agertu diren ahots konprometituen bizitzetara, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Noam Chomsky, Nancy Fraser, Malika Mokeddem edota Pepe Mujica”. Adimen Artifizialaren garaian bizi garela jakitun, Hitza-k teknologia berri honen bestaldean dagoen jarduera gizatiarrari eskainitako “kantu poetikoa” izan nahi duela gehitu du.

Ibilbide luzeko sortzailea

35 urte daramatza Alforjak ikus-entzunezkoetan murgilduta. Zinema zuzendari izateaz gain – Ezkaba, La gran fuga de las cárceles franquistas (2006), Oskara (2016), Bolante baten historia (2021)-, argazki zuzendari lanetan ere aritu izan da –El drogas (Natxo Leuza, 2020), Matrioskas, las niñas de la guerra (Helena Bengoetxea, 2021), Why (Natxo Leuza, 2022), eta orain, ekoiztetxe propioa ere eratu du. Sagone films izenpean, bere filmei oihartzuna eman nahi die: “Ikusmira soziala duten istorioak dira, non gizakia eta bere eskubideak erdigunean jarri nahi ditudan”.

Egun, El vuelo de las libélulas (2023) filma estreinatzeko zain da. 2021ean bukatu zuen errodajea, eta bertan bederatzi emakumezko nafarrek osatutako Mariburruntzis igeriketa sinkronizatuko senior taldearen jarraipena egin du. Gainera, La Sima fikziozko film luzea egikaritzeko prozesuan dago. Segunda Versión/Bigarren Bertsioa laborategiaren lehenengo edizioan parte hartu du Oliver Laxe zinemagilea tutore izan duela.