Zinemagile hasiberriei eskaini ohi dien lehiaketa-ataleko filmak iragarri ditu Donostia Zinemaldiak. 71. edizioan 11 lanek izango dute 50.000 eurok0 saria irabazteko aukera.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko arduradun nagusiak eta Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak babesletza-akordioa berritu dute, gaur, eta agerraldia aprobetxatuz, irailaren 22tik 30era bitartean egingo duten 71. edizioko New Directors sailean lehiatuko diren filmen berri eman dute. Hemeretzi herrialdetako 11 ekoizpen izango dira 50.000 euroko saria irabazteko hautagaiak. Gaiei dagokienez, gazteria eta drama familiarrak dira nagusi; gehienbat, asiar kontinentetik ekarritakoak.
Liang Ming txinatarraren Xiao Yao You / Carefree Days filmak abiaraziko du saila, gaixorik dagoen eta munduan bere tokia aurkitu nahi duen emakume gazte bat protagonista duena. Aldiz, ekoizpen japoniar batek itxiko du: Daichi Muraseren Kiri no Fuchi / Beyond The Fog lan intimoak. Belaunaldiz belaunaldi mendiko herri urrun batean ostatu bat zuzendu duen familia bat du ardatz.
Bata zein bestea, zinemagileen bigarren film luzeak dira, Quebecen jaiotako Henry Bernadeten Les Rayons Gamma / Gamma Rays eta Javier Macipe zaragozarraren La estrella azul / The Blue Star bezala. Kanadarrak Montrealen bizi diren gazte belaunaldien deskribapena egin du; espainiarrak, Golden Zippers, Más Birras eta Almagato taldeen sortzaile den Mauricio Aznar musikari herrikidearen bizitzari egindako huirbilketa.
Gainerako film guztien zuzendariek beren opera primak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiaren abaroan. Farhad Delaram iraniarrak ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte bat izango du protagonista Ashil / Achilles-en. Neska gazte misteriotsu bat ezagutu ondoren bizitza aldatuko zaio. Diwa Shah indiarrak, bestalde, Bahadur the Brave filmarekin egin du debuta gaixorik dagoen semea sendatzeko dirua irabazten saiatzen den etorkin nepaldar baten istorioa kontatuz. Pandemia garaian girotu du.
Singapurren jaiotako Nicole Midori Woodfordek, bere aldetik, Japoniara desagertutako amaren bila joango den emakumea izango du gidari Last Shadow at First Light-en. Europarekin mugan, Kazakhstandik dator Askhat Kuchinhirekov. Bauryna salu estreinako lanean izen bereko tradizio nomada izango du abiapuntu, zeinetan gurasoek izandako lehen seme-alaben ardura aitona-amonek hartzen duten. Bi kontinenteen artean kokatuta ere, Ilia Malakhova errusiarrak Hi, mom-en 36 urteko Kira jarraituko du. Ezin du amaren desagerpena gainditu, eta ahizpa txikiaren eta iloben etxera joko du bizitzera.
Europa iparraldetik, Suediatik, Mother, Couch! drama familiarra kontatuko ditu Niclas Larssonek. Elkarrengandik urrun dauden hiru anai-arreba elkartu egingo dira, jakin nahi baitute amak zergatik ez duen nahi mugitu altzari-denda bateko sofatik.
Azkenik, 2020an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu ostean, Juan Sebastián Quebrada kolonbiarrak Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatuko du bere opera prima: El otro hijo / The Other Son. Anaia ustekabean hil ondoren, bizitzen jarraitzeko beharrezko indarra bilatzen saiatuko den nerabea da protagonista.
Deskontuak sarreretan
Kutxabanken Gazte Txartela duten bezeroek %50eko deskontua izango dute sarrerak erosteko garaian (Sail Ofizialeko Galak eta abonuak izan ezik). Gainera, zehaztu dutenez, euskarazko edo euskarazko azpitituluak dituzten emanaldietarako sarrerak (Kursaal 1-eko saioetan izan ezik) eru baten truke eros ditzakete. Horrez gain, Kutxabankek 1.000 sarrera inguru banatuko ditu bezero eta bezeroen artean.