Hollywoodeko aktoreek hasi duten grebaren eraginez, ezohiko egitaraua prestatzen ari zirela aitortu zuen Alberto Barbera zuzendari artistikoak iragan astean. Halere, atzo argitu zuten 80. Mostra Internazionale d’Arte Cinematografica di Venezia zinemaldiko filmen zerrenda, eta ekoizpen estatubatuarrak egitarauan barneratzea erabaki dute.
SAG-AFTRA aktoreen sindikatuak deitutako grebaren ondorioz, Veneziako Mostrako arduradunak beldurrak jota izan dira azken asteetan. Hollywood erabat geldirik dela, filmen promozioetan parte ez hartzeko agindua dute lanuzteekin bat egin duten 160.000 aktore baino gehiagok, eta ezin dute aurrez aurreko jarduerarik gauzatu. Ezta zinema jaialdietara gerturatu ere. Bada, aferak bete-betean harrapatu du zinemaldi italiarra, aurtengo egitarauaren berri eman aurretik lehen kolpe latza jaso zuten. Luca Guadagnino zinemagilearen Challengers lana zuten adostuta 80. edizioa ireki zezan, baina bertan parte hartu duen Zendayak Lidoko alfonbra gorria zapaltzeko debekua duenez, Warner Bros Hollywoodeko estudio handiak zentzugabeko iritzi du mundu mailako estreinaldia Venezian egitea.
Halere, Alberto Barbera zuzendari artistikoak apustu egin du, greba bertan behera uzteko garaiz baitaude (nahiz eta gaur gaurkoz oso zaila den akordioa egikaritzea), eta abuztuaren 30etik irailaren 9ra bitartean egingo duten zinemaldian erakutsiko dituzten lanak argitu ditu. Ekoizpen estatubatuarrak barne. Azpimarratu beharra dago, azken urteotan izandako ildo-aldaketa kasu, Veneziako Mostra industria estatubatuarraren bozgorailu nagusia bilakatu dela. Adibidez, Cannesen ezezko irmoaren ostean, bertan aurkitu du, Netflix plataformak babesa. Oscar sarietan nabarmentzen diren ekoizpenek ere, Lido uhartean izan dute berriki lehen saio publikoa.
Besteak beste, Leonard Bernstein musika konposatzaileari buruzko film biografikoa aurkeztuko du Bradley Cooperrek, Maestro, eta David Fincher sortzaile laudatuak The Killer erakutsiko du, Michael Fassbender eta Tilda Swinton aktore dituen proiektua. Gainera, Michael Mann bueltan dela ospatuko dute zinemazaleek ere: Enzo Ferrari automobil italiar famatuen aitari egindako hurbilketa dakar, Ferrari, Adam Driverren eta Penelope Cruzen parte hartzearekin. Uzta Yorgos Lanthimos greziarraren Poor Things-ek eta Soffia Coppolaren Priscilla-k osatuko dute.
AEBtik kanpo, Urrezko Lehoia irabazteko lehian izango dira Luc Besson (Dogman), Stéphane Brizé (Hors-Saison) eta Stéphane Brizé (La Bète) frantziarrak; Edoardo De Angelis (Comandante), Pietro Castellitto (Enea), Saverio Costanzo (Finalmente l’alba), Matteo garrone (Io capitano) eta italiarrak; edota ikusmin berezia eragin duten Agnieszka Holland poloniarraren The Green Border Pablo Larraín txiletarraren El Conde edota Ryûsuke Hamaguchin japoniarraren Evil Does Not Exist.
Lehiaketaz kanpoko lanen zerrendak ere eman du zeresana: Woody Allen (Coup de change) eta Roman Polanski (The Palace) polemikoen proiektu berrienak egongo dira ikusgai, besteak beste. Baita, J.A. Bayona espainiarraren La sociedad e la nieve, Richard Linklaterren Hit Man, edota Frederick Wiseman dokumentalgilearen Menus plaisirs-Les troisgross.
Ezagutu zerrenda osatua, jarraian.