Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) antolatutako mugaz gaindiko jardunaldien baitan, Ipar Euskal Herriko zinemagile belaunaldi berriko sortzaileak hizketan aritu dira iragan ostiralean, Baionako Arteen Hirian. Historian graduatua eta Kultura, Artea eta Gizartea masterreko tituluduna den Graxi Irigarai EHUko ikerlariak eta Ipar Euskal Herriko zinema eta ikus-entzunezko arloko diagnosia txostenaren egileetako bat denak gidatuta, beren jarduna eta esperientzia izan dute hizpide. Baita Iparraldeko zinemagintzaren panorama ere.

Itziar Leemans donibandarra da, beharbada, zinema-ibilbide luzeena duena. Parque Lenin (2015) eta Boca Ciega (2021) dokumentalak zuzendu ditu, bai eta hainbat film labur ere –Bainera (2018) edota Ximinoa (2023)-, baina atzera begirada botaz, bidean aurkitu dituen oztopoak ekarri ditu gogora: “Hasi nintzenean harritu egin ninduen zein gogo zegoen zinema egiteko. Hala ere, lehen filma dirurik eta ekoiztetxeen laguntzarik gabe egin nuen. Orduan, erabaki nuen bigarrena ez nuela egoera horretan egingo. Bi urtez aritu nintzen finantziazio bila, denda batean zein ostalaritzan lanean”.

Esku artean dituen proiektuak bermatzeko, eta finean, bizirauteko, ezinbestekotzat du Eñaut Castagnetek –Non (2026), Nire eguneroko maitea (2020), Muga (2022)- ere bestelako lanak uztartzea. Bidartarraren kasuan, “iragarkiak egiten eta enpresentzat komunikazioa eramaten” dihardu, eta esperientzia partekatua lagungarri zaiola aitortu du.

Arlo ekonomikoa nabarmendu dute gainerako partaideek ere zulo nagusi, eta batez ere, gidoien idazketa prozesuan “bakardadea” sumatzen dutela dio Maria Iribarne-Olhagaraik. Egoeraren kexu da ere Elsa Oliarj-Ines dokumentalgile aloztarra: “Egun, ez dago gidoia idazteko diru-laguntzarik. Gainera, ez dute dirurik ematen gidoia idatzita ez badago, eta hori arazo bat da. Gaztetatik ikasi behar dugu gidoiak idazten, badakigulako behin idatzita dagoenean soilik jasoko ditugula laguntzak”.

UIK ikastaroa-zinea

Ezkerretik eskuinera: Graxi Irigarai, Maria Iribarne-Olhagarai, Elsa Oliarj-Ines, Itziar Leemans eta Eñaut Castagnet

Eta korapiloa askatzeko asmoz, 2017an elkarrekintza espazio bat eratzea nola erabaki zuten aldarrikatu du: “Nik idazteko filmatu egin behar dut! Zorionez, Zukugailuan gaia jorratu dugu eta horren ondorioz, gidoi-idazketaren tailerrei garrantzia ematea erabaki genuen, gazteek idazten ikas dezaten”. Talde lanaren garrantzian ardaztutako ekimena izanik, “oharrak jaso eta partekatzeko beharra” pizten du Zukugailuak Leemansen iritziz: “Ez du arazoa konpontzen, baina laguntzen du”.

Zukugailuaren agerpenaz gain, Gastibeltzak Filmak ekoiztetxearen sorrera azpimarratu du Castagnetek, “Iparraldean egindako filmak, euskaraz sortutakoak”, ezagutzea ahalbidetzen duela jakitun. Kanaldude Telebistaren apustua ere nabarmendu du Iribarne-Olhagaraik, Hegoaldean sortutako lanak erakusteko bidea bilakatu baita. “Ikusten dut badirela aunitz sortzaile, gogo eta tresna. Horiek saretuz proiektu asko sortuko dira aurrerantzean. Egun hastapenetan gaude, baina erreferenteak sortzen ari gara, eta hori da gakoa”.

Lasan jaiotako artistak ez du Ipar Euskal Herriko zinemagintzaren ekosistema egituratzea “horren urrun” ikusten, eta Paxkal Irigoyen Etxeberrirekin batera zuzendu duen Bañolet (2023) pelikula parte hartzaileak zera erakutsi diola nabarmendu du: “Sinpleki, modu arruntean, ikasteko prest egon den laguntzaile-sarearekin egin dugu, do it yourself erara. Konprometituta dauden pertsonekin lanean aritzeak posible egiten du proiektuak aurrera ateratzea, bai dokumentalgintzan zein fikzioetan”.

Hizkuntza hautua defendatu beharraz

Luze jo du mahai-inguruak Baionan, eta ezinbestean, proiektuetan hizkuntzaren hautu naturalaren aldeko iritziek protagonismoa hartu dute. Ekoiztetxe zein instituzioen aurrean euskaraz errodatutako lanak defendatzeaz aritu dira hizlariak solasean, bakoitzak bere bizipenak kontatuz.

Beti anekdota batetik abiatzen dela azaldu du Leemas, Castagnetek egin bezala, baina minduta azaldu da. Hainbat film frantsesez egin dituelako, “guztiz euskalduna ez naizela” esan izan diotela salatu du. Orain arteko bere lan berriena Ximinoa, KIMUAK 2023 bilduman hautatu dute, euskaraz zein frantsesez errodatutakoa dena. Kuban ikasi eta Mexikon bizi izandakoa da donibandarra, eta istorioak kontatzeko garaian ikuspuntuak duen garrantzia gogorarazi du, “nork kontatzen duen zer”. Zinema kontzientzia hartzeko tresna dela deritzo.

Aldiz, Paristik ari da Oliarj-Ines jardunean. Xiberoarekin lotura duten hainbat dokumental sortu ditu –Dans leur jeunesse il y a du pasé (2014), Basahaireak (2017)-, batzuk Frantziako Telebistarentzat.  Nortasunak kasu seriea du esku artean, eta lehenengo atala dagoeneko jaio da. Bertan, euskara hutsez ari diren eskola bateko haurrak erretratatu ditu, nahiz eta ez duen erraz izan egikaritzea: “Frantzian zinemagintza Parisen dago zentralizatuta, bereaz, zinema egiteko erraztasunak izan beharko nituzke, bertan bizi bainaiz. Baina nire ikuspuntua da zinema edozein lekutan egin daitekeela, egin beharko litzatekeela”. Frantziako telebista, gainera bere lanak bikoizten saiatu dela aitortu du, ezezkoa eman ahal izan badie ere: “Dokumentala da manera bat pentsatzeko, eta euskara, galderak egiteko tresna. Gure identitateaz galdetzeko tresna da”.

Euskaraz sortzea hautu politikoa dela defendatu du, bere aldetik, Iribarne-Olhagaraik. Euskaraz filmatutako lanak euskaraz pentsatutakoak ere izan behar direla dio: “Iruditzen zait arinki hartzen dutela askok gai hau, minimoarekin konformatzen direla. Baina osoki euskaraz sortzeko espazioak agertu behar dira ere horretarako”.